euskal pRESOAK

Jose Angel Otsoa de Eribe preso eria aske utzi dute, baldintzapean

Duela lau urte, minbizia duela jakinarazi zioten. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak hartu du erabakia. Ekaitz Samaniego presoa gerturatu du Madrilek.

2019ko uztailaren 5a
08:51
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak baldintzapean aske utzi du Jose Angel Otsoa de Eribe preso eria, hirugarren gradua ezarri eta hiru astera. Arratsaldeko bostak aldera atera da Castello (Herrialde Katalanak) kartzelatik, eta zain zituen senideak. Minbizia du —duela lau urte jakinarazi zioten gaitza duela—, eta 61 urte dauzka. Azkenaldian larritu egin zen haren osasun egoera.

Espetxe araudiko 196.2 artikulua erabiliz onartu dio baldintzapean askatzea Jose Luis Castro epaileak.

2000ko urtarriletik zegoen preso, Mexikon atxilotu ondotik. Urkabustaizkoa (Araba) da.

Haiki Hadi mediku elkartearen aprileko datuak gaurkotuz, gaixotasun larriak dituzten EPPK-ko hemeretzi kide daude; horietatik bost, anonimatoan dira —Otsoa de Eribe ere hala zegoen—. Horiei, Josu Urrutikoetxea gehitu behar zaie.

Espetxe Zaintzaren erabakiz, aurten espetxetik atera da Aitzol Gogorza larri den preso eria, baina zigorra etxean betetzeko, eta, bestetik, Auzitegi Nazionanak zigorra eten dio gaixotasun larria duen beste preso bati: Asier Aginakori.

Sortuk prentsa ohar batean esan du "beranduegi" askatu dutela. "Pozten gara hartutako erabakiagatik, baina ozen esan behar dugu estatuak anker baino ankerrago jokatu duela Otsoa de Eriberekin. gaixotasun larri eta sendaezina duten presoen zerrendako bat baita". Halaber, hura aske uzteko tramite eta gestioak "ikaragarri zailak eta oztopoz josiak" izan direla salatu du. Presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko deia egin du, "eta, bereziki, gaixorik larri daudenen alde jarduteko, mendekuan oinarritutako ankerkeria hau berehala amaitu behar baita". Aurten Juan Mari Maizkurrena eta Oier Gomez preso ohiak hil direla gogoratu du, "kartzelak haien gaitza nabarmen areagotu ondoren".

Ekaitz Samaniego presoa gerturatu du

Espainiako Espetxeetako Instituzioek Ekaitz Samaniego Curiel euskal presoa (EPPK) gerturatu dute: Murtziako espetxetik Zuerakora (Zaragoza). Hurbilketa 575 kilometrokoa izan da, eta orain, Etxerat elkarteak bezala erreferentzia Altsasu (Nafarroa) hartuta, 220ra dago preso. Madrilek ekainaren erdialdean iragarri zuen haren lekualdatzea. Duela urtebete Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik, euskal presoen 28. gerturatzea izan da. Segiko kidea izatea egotzita, zortzi urteko kartzela zigorra jaso zuen Samaniegok, eta 2012tik dago espetxeratua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.