Omenaldia egin diote German Rodriguezi, eta "inpunitateari stop" ozen aldarrikatu

Espainiako Poliziak hil zuen tiroz, 1978. urtean, 23 urte zituela. Urtero bezala, omenaldia egin diote, hil zutenetik 41 urte bete diren honetan.

German Rodriguezen omenaldia, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 8a
09:14
Entzun

Ez dira gutxi 41 urte, ezta 64 ere. Horiexek izango zituen Rodriguezek gaur, Espainiako Poliziak duela 41 urte tiroz hil izan ez balu. Urteak igaro dira, baina haren aldeko ekitaldiek eta aldarriek badiraute oraindik. Urtero bezala, 13:00etan izan da ekitaldia, eta ehunka lagun bildu dira. 78ko Sanferminak Gogoan platafomak eta Iruñeko Peñen Federazioak antolatu dute omenaldia, Inpunitateari stop lelopean.

Erakundeetako ordezkariak ere izan dira ekitaldian. Horien artean, Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako jarduneko kontseilaria, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Iruñeko udaletxeko EH Bilduko hainbat zinegotzi, eta Bakartxo Ruiz Nafarroako Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramailea. 

Lore-sortek eta musika emanaldiek jantzi dute ekitaldia. Adierazpen bat ere irakurri dute, "egia, justizia eta erreparazioa" ezinbestekoak direla azpimarratuz. Halaber, "1978ko sanferminetan gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak" ere eskatu dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, omenaldia ez da Rodriguezentzat soilik, harekin batera erasoaren biktima izan ziren Joseba Barandiaran eta gainerako guztientzat baizik. 

Bestalde, gaineratu dute 2019. urtea oso garrantzitsua izan dela, "41 urte ilunpean egon den informazioaren zati bat lortzeko aukera" izan dutelako, orain arte "estatuak ezkutuan" mantendu duena. Gainera, bi prozesu judizial jarri dira abian; bat Iruñean eta bestea Argentinan. Gertatu zena argitu eta eraso hori epaitzeko asmoz jarri dituzte martxan prozesu hauek. 

Gaur arratsaldean isiltasuna izango da nagusi zezen-plazatik irten eta Rodriguezen hilarrira iritsi bitartean. Peñak isiltasunean irtengo dira plazatik, eta kalejira ere isilik joango da. Gogoan monumentu berritik igaro eta Rodriguezen hilarriaren ondoan amaituko dute bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.