Datu meteorologikoak

Sei orduan 0,18tik 5,75era igo zen uraren maila Zidakos ibaian

Datu meteorologikoak atzo eta bart Tafallan eta inguruetan gertatutakoaren lekuko dira. Getadar mendian, metro kubiko batean 159 litro ur ere jaso zituen neurgailuak.

Autoak, Zidakos ibaian. JESUS DIGES, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko uztailaren 9a
13:11
Entzun

Irudiak beldurgarriak dira, eta atzo Tafalla eta inguruetan jaso ziren datu meteorologikoak horren lekuko dira. 17:30ean 0,12 metroko altuera zuen Zidakos ibaiak, baina hortik aurrera uraren mailak gora egin zuen etengabe, eta gainezka egin zuen. Gainezka urteetan ikusi ez den bezala, gainezka bidean topatzen zuen guztia eramanez, tartean autoak eta gidari baten bizitza; Nafarroako suhiltzaileek gazte baten gorpua aurkitu dute bart autoan harrapatuta.

Arratsaldean hasi zen ura igotzen, eta gauerako hasiak ziren kalteen irudiak zabaltzen. Kaleak urak hartuta, autoak ur gainean noraezean, errepideak urak apurtuta... Hala ere, ur emari handiena gauerdian izan du Zidakosek. Ordurako, alarma guztiak piztuta zeuden, eta jendeari etxean geratzeko eskatu zieten agintariek. Hauek dira Nafarroako Gobernuak eman dituen datuak:

18:00: 0,18 metro.
18:30: 0,36 m.
19:00: 0,67 m.
19:30: 0,95 m.
20:00: 1,14 m.
20:30: 1,9 m.
21:00: 2,98 m.
21:30: 3,42 m.
22:00: 3,64 m.
22:30: 3,86 m.
23:00: 4,15 m.
23:30: 3,08 m.
00:00: 5,75 m.
00:30: 4,17 m.
01:00: 1,83 m.
01:30: 1,47 m.
01:50: 0,44 m.

Ordu kritiko horietan izan ziren euri jasen datuak ere eman ditu Nafarroako Gobernuak. Adituek iragarri zuten euri jasa handiak izango zirela atzo arratsaldean, eta leku batzuetan bereziki bortitzak izango zirela. Gertatutakoa, ordea, inork ez zuen iragarri, ezta Tafalla eta inguruetan horrenbeste kontzentratuko zenik. Iruñean (NUPen) 27 litro jaso zituen euriaren neurgailuak atzo metro kubikoko, eta Lizarran eta Irunberrin, hurrenez hurren, 20,2 eta 26. Tafallara gerturatu ahala datuak handiagoak dira: Artaxoan 51,7 litro bota zituen; Agoitzen, 51,9; Miranda Argan, 56,1 eta Uxuen, 59,1.

Neurgailuek, ordea, Tafalla eta inguruetan egiten dute gainezka. San Martin Unxen 83,7 litro neurtu zituzten metro kubikoko; Erriberrin, 87,9; Tafallan bertan, 100,2, eta Getadar mendiko neurgailuak metro kubiko batean 159,7 litro ere jaso zituen. Nabarmentzekoa da goizean ez zuela euririk egin, eta bat-batekoa izan zela euri jasa. Tafallan 17:20ean hasi zuen euria, eta Getadarren, 16:50ean. Zehazki, hauek dira Tafallako eta Getadarko neurgailuek jaso zituzten daturik kritikoenak, hamar minutuko tarteetan jasoak:

Tafalla:

17:40: 0,1 litro metro kubikoko.
17:50: 4,7.
18:00: 6,7.
18:10: 12,9.
18:20: 19,4.
18:30: 16,3

Getadar

16:50: 4,8 litro metro kubikoko
17:00: 2,1.
17:10: 3,8.
17:20: 12,7.
17:30: 19,2.
17:40: 24,8.
17:50: 15,9.
18:00: 11.
(...)
19:40: 14,8.
(...)
21:10: 7,1

Prezipitazio horien ondorioz, Zidakos ibaiaren emariak orain arteko marka guztiak hautsi zituen. Duela 30 urte datuak biltzen hasi zenetik, Erriberriko estazioak ez du sekula halako emaririk erregistratu. Nabarmen gainditu zuen estazioko gehienezko neurria, 5 metroko garaieran eta segundoko 386 m3-an ezarria. Emari horrek ekarri zuen hondamendia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.