Politika

Konstituzionalak behin betiko artxibatu du PPk polizia abusuen legearen aurka jarritako helegitea

Jaurlaritzarentzat "albiste ona" da erabakia. Auzitegiak, orain, erabakia hartu behar du Ciudadanosek legearen aurka aurkeztutako helegiteaz.

Alfonso Alonso PPko presidentea eta polizia sindikatuetako ordezkariak, joan den apirilean, Eusko Legebitzarrak legea onartu ostean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Edurne Begiristain.
2019ko uztailaren 9a
07:47
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin betiko artxibatu du PPren gobernuak EAEko Polizia Abusuen Legearen aurka aurkeztutako errekurtsoa. Hala, auzitegiak itxitzat eman du bide hori. Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen Poliziaren biktimen lege bat, baina Mariano Rajoyren gobernuak helegitea jarri zion. Pedro Sanchezen gobernuak erretiratu egin zuen errekurtso hori, eta, azkenik, apirilean onartu zuten arau bat, 2016ko legea moldatzen zuena. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren helegitea gainditzeko moldatu behar izan zuten edukietako batek Balorazio Batzordearen egitekoari eragiten dio. Moldaketarekin, delituak egiaztatzeko prozesuek aintzat hartu beharko dute aurretik auzitegiek ebatzitakoa. Moldaketak eginda, Auzitegi Konstituzionalak PPren gobernuaren errekurtsoa behin betiko artxibatzea falta zen, eta gaur hartu du erabaki hori auzitegiak. Artxibatzearekin batera, auzitegiak ez du ontzat jo Dignidad y Justicia elkartea eta Guardia Zibilaren Elkarte Bateratua akusazio gisa aurkeztea. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari gaur galdetu diote erabakiaren inguruan, eta hark esan du "albiste ona eta positiboa"  dela.

Ciudadanosen helegitea

Eusko Legebiltzarrak apirilean onartutako legeari, baina, helegitea aurkeztu zion Ciudadanos alderdiak, eta errekurtso hori tramitera onartu zuen atzo Auzitegi Konstituzionalak. 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legea Estatuko segurtasun indarren jarduna "kriminalizatzea" duela helburu salatu zuen Ciudadanosek, eta botere judizialari dagozkion eskumenetan "eskua sartzen" zuela iritzita, lege berriaren aurkako helegitea aurkeztu zuen. Horiek hala, Konstituzionalak errekurtso horri buruzko erabakia hartzea falta da orain.

Ciudadanosen helegiteari buruz galdetuta, Erkorekak honakoa esan du gaur: "Injerentzia da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzarik ez duen alderdi batek adotasun zabalaz onartutako lege bati helegitea jarri izana".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.