Uholdeak Tafalla aldean

Kaltetutako ingurua hondamendi eremu izendatzeko eskatuko du Nafarroako Gobernuak

Ostegunean egingo dute eskaria, kalterik larrienak pairatu dituzten udalerrietako ordezkariekin hitz egin eta lehen balorazioak egin ondoren.

Uholdeak eragindako kalteak, Tafalla eta inguruan. JESUS DIGES / EFE
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 10a
07:10
Entzun

Bihar egingo dute ezohiko bilkura. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko jarduneko presidentearen gidaritzapean bilduko dira, uholdeek hondatutako ingurua hondamendi eremu izendatzeko. Halaber, uholdeen ondorioak aztertu eta zer neurri hartu beharko liratekeen erabakiko dute.

Nafarroako Gobernua asteartean bildu zen uholdeen eraginak pairatu dituzten udalerri nagusietako ordezkariekin. Bilkura horretan zehaztu zutenez, udalerri bakoitzak ezohiko udalbatzak egingo ditu, ingurua hondamendi eremu izendatzeko akordioak adostu ditzaten. Horretarako, Tafallako Udalak erabili duen ereduari jarraituko diote.

Akordio horiek egin bitartean, bestelako balorazioak egingo ditu Nafarroako Gobernuak. Nagusiki, errepideek, araztegiek eta Nafarroako Mahasgintza eta Enologia Estazioak jasandako kalteen gaineko ikerketa egingo dute. Ondoren, elkarrekin aurkeztuko ditu bildutako txosten eta dokumentu guztiak. Helburuak, ingurua hondamendi eremu izendatzea eta erakundeei, enpresei, nekazariei eta herritarrei kalte-ordainak ematea.

Adierazpen batean azaldu duenez, Foru Legeak biltzen dituen neurri batzuen erabilgarritasuna ere aztertuko du Nafarroako Gobernuak. Lege horiek, hain zuzen, uholdeek, haizeak edota bestelako fenomeno naturalek eragindako hondamendiak pairatu dituzten herritarren arretarako dira. Ondasun pribatuen kasuan, komenigarriena norberaren artekariarekin edo aseguruarekin hitz egitea dela ohartarazi die Nafarroako Gobernuak herritarrei.

Hondamendiaren ondoren, auzolana nagusi

Saminak batu duena elkartasunak egonkortu du. Hondamendiaren argazkia koloreztatzen ari dira Tafalla eta inguruko herrietako bizilagunak. Zoritxarreko pasarteen ondoren, auzolana da nagusi txoko guztietan. Borondatez gehienak, deialdiaren berri jakin dutenean besteak. Auzolanerako deia zabaldu zuen atzo Tafallako Udalak sare sozialen bitartez, "laguntza oro ongi etorria" izango dela nabarmenduz. "Ekarri palak, erratzak, eskorgak, eskularruak eta abar". Hain justu, horiei esker du gaur Tafallak beste itxura bat. Lokatz azpitik berpirzten ari den seinale.

Martinez de Espronceda kalean izan zen Tafallako gunerik kaltetuenetako bat. Ibaiaren ertzean dago kalea; beraz, kalte gogorrak jasan zituen. Atzo arratsaldean, kale horretako etxebizitza bat hutsarazi zuten, erortzeko arriskua zegoelako. Etxebizitzaren kokapena dela eta, kalte handiak izan zituen beheko aldeak. Segurtasuna bermatze aldera, hutsarazi eta inguratzen zuen kalearen zatia itxi zuten. Gaur, auzolanak aurrera jarraitzen du kale horretan ere, baina irudia bestelakoa da.

Inork espero gabe estali zituzten uholdeek Tafalla eta inguruko kaleak. Ezusteko gertakaria izan zen, bai herritarrentzat eta baita metereologia agentzientzat ere. "Berandu" iritsi zela aitortu du Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak. 17:00etan ezarri zuten abisu laranja, eta ordurako hasia zen ur jasa. "Bagenekien ekaitz indartsuak izango zirela, eta eguerdirako eman genuen abisu horia. Gero etorri zena ezin izan genuen aurreikusi". Halako ekaitz "berezien" berri izateko egun dituzten "zailtasun teknikoak" azaldu ditu Peio Oria Nafarroako Aemeteko arduradunak. Haren hitzetan "ezohikoa eta muturrekoa" izan baitzen herenegungoa. "Euri askokoa, eremu jakin batera mugatutakoa, eta luze iraun zuena".

Ezusteko horren lekuko dira herenegun Tafalla eta inguruetan jaso ziren datu meteorologikoak. 17:30ean 0,12 metroko altuera zuen Zidakos ibaiak, baina hortik aurrera uraren mailak gora egin zuen etengabe, eta gainezka egin zuen. Gainezka urteetan ikusi ez den bezala. Bidean topatzen zuen guztia eraman zuen urak: autoak, hesiak, hormak... Larriena, 25 urteko gazte atarrabiar baten bizitza. Autoan zihoala harrapatu zuen ekaitzak. Larrialdietara deitu zuen 20:30ean, bere autoa urak zeramala eta barruan harrapatuta zegoela jakinarazteko, baina foruzainak bertaratu zirenerako, beranduegi zen. Ehun bat metrora aurkitu zuten haren gorpua. Moriones eta Gardelain artean gertatu zen ezbeharra, Ezporogi udalerritik gertu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.