G7a Miarritzen

G7aren Kontragailurra egingo dute abuztuaren 19tik 23ra

Irun eta Hendaian antolatu du egitaraua G7EZ! plataformak. Xedea da "alternatibak partekatu" eta Euskal Herriko eta nazioarteko eragileentzako topagune izatea. Uztailaren 13an manifestaziora deitu dute, Miarritzen.

G7EZ plataformako kideak, gaur, Irunen egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA, FOKU
Maider Galardi
2019ko uztailaren 10a
07:09
Entzun

G7ak "ordezkatzen duen kapitalismo basatiari ezetz" esateko, Kontragailurra antolatu dute Euskal Herriko 49 eragileren plataformak, abuztuaren 19tik 23ra bitarte. "Eredu berriak" sortzeaz aritu dira bozeramaileak, gaur, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan egindako prentsaurrekoan. G7a Miarritzen (Lapurdi) egitea "berezia" dela nabarmendu dute, "Euskal Herrian kapitalismoari, heteropatriarkatuari eta inperlialismoari aurre egiteko borondatea" dagoelako. Hortaz, dei egin dute egun horietan Irunen eta Hendaian antolatutako egitarauean parte hartzeko.

Azaroan abiatu ziren plataforma osatzeko lehen bilerak, eta, gaur egun, 49 eragilek parte hartzen dute. Besteak beste, Amankomunak, Bilgune feminista, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Aitzina, Ernai, LAB, Steilas, CGT, Ahal Dugu eta EH Bildu aritu dira  egitaraua antolatzen. Edurne Larrañaga plataformako kideak nabarmendu du "prozesu aberasgarria" izan dela, eta hiru ezaugarritan oinarritu direla: "Bide baketsuak erabiltzea, herritar askeek osatutakoa izatea, eta dsobedientzia zibila". Frantziako Alternative G7 plataformako kideekin ere aritu dira elkarlanean Kontragailurra prestatzeko.

 Mobilizazioak

Jardunaldiak ez ezik, "masa mobilizazioak" ere iragarri dituzte plataformako kideek. Lehen hitzordua datorren larunbatean izango da, hilaren 13an Miarritzeko baratze publikotik abiatuta, 17:00tan. Kontragailuarra baino hilabete lehenago egingo dute mobilizazioa: "Miarritzeko karriketan ozenki aldarrikatu nahi dugu bestelako mundu bat eraikitzea premiazkoa dela", ohar egin dute antolatzaileek. Hain justu, prentsaurrekoan salatu dute Miarritzeko G7 gailurrak "diru xahuketa eta setio egoera dakarrela".

Horregatik, gailurrak iraungo duen egunetan Miarritz itxita egongo denez, manifestazioa egingo dute abuztuaren 24an, Hendaian. Pausutik eta hondartzatik abiatuko dira zutabe, Santiago zubian martxa amaitzeko. 11:30tan jarri dute hitzordua. Abuztuaren 25ean, berriz, "ortzadarraren eremua"  egingo dute, hain justu Frantziak Miarritzeko gailurraren segurtasunerako ezarritako guneen mugan. "Gure lan egiteko moldeak masa mobilizazioa, borroka ideologikoa eta desobedientzia zibila izango dira", azpimarratu dute antolatzaileek.

Herritarrei G7arekin "ez kolaboratzeko" eskaera ere egin diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.