Txaikovskiren bosgarren sinfonia interpretatuko du EGOk udan

Urtero moduan, kontzertu bana eskainiko du orkestrak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Hondarribian. Topaketa hasiko dute musikariek bihar, Eibarren.

Joxean Muñoz eta Juan Jose Ocon, programaren aurkezpen agerraldian, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/FOKU
aitor biain
2019ko uztailaren 10a
17:03
Entzun

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrako musikariek udako topaketa hasiko dute bihar, Eibarren (Gipuzkoa). Guztira, 80 neska-mutiko elkartuko dira, eta datozen asteetan emango dituzten kontzertuen errepertorioa prestatuko dute. Bi obra interpretatuko dituzte: alde batetik, Txaikovskiren bosgarren sinfonia joko dute, eta bestetik, Saint Saensen Dantza makabroa. Gaur aurkeztu dute programazioa Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordeak eta Juan Jose Ocon EGOko zuzendariak. 

Urtero egin moduan, lau kontzertu eskainiko ditu EGOk uztailean: Hondarribian (Gipuzkoa) izango da aurrenekoa, uztailaren 19an; Bilbon, Gasteizen eta Donostian joko dute jarraian, hurrenez hurren. Kontzertu guztiak 20:00etan izango dira. Gazte orkestrako zuzendariak nabarmendu du, hain zuzen, emanaldi horiek “aukera paregabea” izango direla musikari gazteak etorkizunerako trebatzeko. Izan ere, orkestra sinfonikoetan jarduteko “gero eta aukera gutxiago” izaten dute.

Gazteei heziketa eta esperientzia sinfonikoa emateaz gain, musikari profesional izateko eman beharreko urrats horretan laguntzeko sortu zen EGO orain 22 urte, Joxean Muñozek azpimarratu duenez. Ordutik, mila neska-mutil baino gehiago igaro dira bertatik, eta zenbaitzuk EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoan jotzen dute egun. Horiek hala, gazteak lehiakortasunerako prestatzea da EGOren beste helburuetako bat.

Bada, aurtengo errepertorioak lotura zuzena du horrekin; kontzertuetan joko duten pieza nagusia ez baita nolanahikoa: Piotr Ilitx Txaikovskiren bosgarren sinfonia interpretatuko du orkestra gazteak. Konpositore errusiarraren obrarik ezagunetakoa da; baita zailenetako bat ere, Oconek aditzera eman duenez. Izan ere, egun ia edozein orkestra edo heziketa zentrotan aritzeko egiten diren hautaketa probatan eskatzen dute piezaren zati bat jotzeko. Tronpak eta biolinek bakarka jo behar dituzten zatiak bereziki nabarmendu ditu Oconek.

Orkestrak joko duen bigarren obra, aldiz, Calile Saint-Saensen Dantza makabroa da. Henri Cazalisen poema baten oinarritutako opus 40 poema sinfonikoa da. 1874an sortu zuen musikari frantziarrak, eta heriotzaren dantzari buruzko sineskeria birsortzen du obrak. “EGOk inoiz izan duen musika programarik osoenetakoa dugu aurtengoa”, zehaztu du Oconek.

Zuzendari berriaren hautaketa, martxan

EGOko zuzendari nagusi berria hautatzeko prozesua martxan du Eusko Jaurlaritzak, bien bitartean. Iragan astean abiatu zuten orkestraren kudeaketaz arduratuko dena aukeratzeko prozedura, eta uztailaren 15an, datorren astelehenean, amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea. Muñozek adierazi du irailean jakinaraziko dutela kargua nork beteko duen.

Orkestraren zuzendari nagusi izan nahi dutenek, haien esperientzia eta formakuntza adieraztean gain, proiektuarekiko duten ikuspegia, estrategia eta ekarpenak aurkeztu beharko dituzte. Kudeaketaren alorrean hamar urteko esperientzia izatea da bete beharreko baldintzetako bat; bereziki baloratuko dute musikaren alorrean izandako esperientzia, halere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.