Eutanasia

Vincent Lambert hil da, Frantzian heriotza duinari buruzko eztabaidaren sinbolo bihurtu den gizona

Lambertek hamarkada bat baino gehiago zeraman egoera begetatiboan. Medikuek elikadura eta hidratazio artifiziala erretiratu eta bederatzi egunera zendu da.

Vincent Lambert, bere amarekin, Reimseko ospitalean, 2008an. L'UNION DE REIMS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 11
12:57
Entzun

Vincent Lambert Frantzian heriotza duinaren gaineko eztabaidaren sinbolo bihurtu den gizona zendu da, gaur, 42 urte zituela. Lambert tetraplegikoa zen, eta hamar urte baino gehiago zeramatzan egoera begetatiboan, 2008an trafiko istripu larri bat izan zuenetik. Reimseko ospitaleko mediku taldeak elikadura eta hidratazio artifiziala kentzeko protokoloa abiatu eta bederatzi egunera hil da, 08:24ean.

Lamberten kasuak eztabaida sakona eragin du bere familian ere. Haren gurasoak sinestun katolikoak dira, eta hura bizirik mantentzeko tratamenduaren alde egin dute. Lamberten emazte eta legezko tutore Rachel Lambert, berriz, haren bizia artifizialki luzatzen jarraitzearen kontra agertu da. Lambertek ez zuen idatzita utzi egoera horretan bere borondatea zein litzatekeen.

Urteetako gatazka judizialaren ondoren, helegite gehiago ez aurkeztea erabaki dute Lamberten gurasoek. Astelehenean onartu zuten haren heriotza saihetsezina zela. Lamberten senideen arteko borroka judizialak eutanasiaren eta heriotza duinaren gaineko eztabaida eragin du Frantzian.

Frantziako legediak ez du onartzen eutanasia, baina pertsona bati hiltzen uzteko aukera jasotzen du, baldin eta haren egoera atzeraezina baldin bada. Leonetti legea esaten zaionaren arabera, medikuek aukera dute gaixoaren bizia luzatzeko neurriak eteteko edo ez abiarazteko, baldin eta eragina alferrikakoa ala neurrigabea bada, edo bizitzari artifizialki eustera mugatzen bada.

Oraingoz, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez du asmorik adierazi Leonetti legeak ezartzen dituen irizpideetatik harago joateko. Nicole Belloubet Juztizia ministroaren esanetan, legea "oso orekatua eta sentibera" da.

Aldiz, denak ez datoz bat iritzi horrekin, ezta Errepublika Martxan Macronen alderdiaren barruan ere. Jean Louis Touraine diputatu eta medikuaren iritziz, egungo legea "burugogorkeria arrazoigabea" da. Ohartarazi du legeak argitasun handiagoa behar duela Lambertenaren gisako kasu gehiago gerta ez daitezen.

Horrez gain, kritikoek diote legeak ez duela bermatzen gaixoaren borondatea errespetatuko denik. Azken hitza medikuena da, eta, Lamberten kasuan gertatu bezala gaixoak testamenturik idatzi ez badu, medikuek gaixoaren gertuko senideekin kontsultatu behar dute bizia luzatzeko neurriekin jarraitu ala ez. Legeak, ordea, ez du zehazten senideen artean zeinen ahotsa hartu behar den kontuan.

Zehaztasun falta horrek zuzeneko eragina izan du Lamberten egoeran. Izan ere, bi aldiz konektatu behar izan dute makinetara, gaixoaren gurasoek auzitara jo zutelako medikuek haren emaztearen oniritziarekin hiltzen uzteko erabakia hartu ostean. Hala, medikuek atzera egin behar izan zuten 2013an eta joan den maiatzaren 20an.

François Lambert Vincenten ilobak kritikatu du Leonetti legearekin gaixoaren heriotza gehiegi luzatu daitekeela, medikuen esku uzten baitu hiltzen uzteko protokoloa bi asterainoko epera luzatzeko aukera. Salatu du medikuek luzatzera jo dezaketela, eutanasia leporatu ez diezaieten. Legeak epe laburragoa ezartzea galdegin du hildakoaren ilobak.

Hainbat elkartek eutanasia lege bat eskatzen diote Frantziako Gobernuari, eta gizarteak gisa horretako neurri baten aldeko iritzia du, ADMD Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Aldeko Elkarteak martxoan argitaratu zuen inkestaren arabera. Txosten horretako datuek diote frantziarren %96 daudela eutanasia arautzearen alde, eta soilik %4 daudela guztiz kontra. Inkestak jasotzen duenez, %60k defendatzen dute eutanasia "sufrimendu larri eta sendaezina" duten gaixoentzat, eta frantziarren %36 baldintzarik gabeko eutanasiaren alde daude.

Euskal Herrian, oihartzun handia izan zuen Maribel Tellaetxeren kasuak. Joan den martxan zendu zen, eta familiak hilabeteak egin zituen harentzat eutanasia eskatzen; izan ere, alzheimer aski aurreratua zuen —duela hamazazpi urte azaldu zitzaizkion lehen zantzuak—, eta berak idatzita utzia zuen ez zuela horrelako bizitzarik nahi. Familiak salatu zuen azken hilabeteetako pairamendua guztiz bidegabea iruditu zitzaiela, eta "tortura" izan zela adierazi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.