INGURUMENA

Tafalla ingurua hondamendi eremu izendatu du gobernuak

Ezohiko bilkura egin du Nafarroako Gobernuak, eta lehen urratsa egin du uholdeetan kaltetutako herriak laguntzeko. Espainiako Gobernuari eskaria egin dio, larrialdi batek jotako eremutzat izenda dezan Tafalla aldea: bizilagunei laguntzeko modua emango luke horrek.

Jendea auzolanean ari da Tafallan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 11
07:16
Entzun

Astelehen arratseko uholde larriei aurre egiteko lanean ari dira Tafalla inguruko herriak. Auzolanean jendetza bildu da egunotan, kalteak jasan dituzten etxebizitzak, lokalak eta kaleak garbitzeko. Erakundeetan ere ari dira neurriak hartzen. Nafarroako Gobernuak ezohiko gobernu kontseilua bildu du, eta hondamendi eremu izendatu du Zidakos ibaiaren erauntsiaren ondorioz kaltetutako eremua.

Gobernuak azaldu duenez, hamalau herriren eskaria hartu dute kontuan izendapena egiteko. Hauek dira: Tafalla, Beire, Barasoain, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Erriberri, Orisoain, Murillo el Cuende, Pitillas, Puiu, Zare eta San Martin Unx.

Hondamendi eremu izendatzeko eskumena Nafarroako Gobernuarena da, eta zergetan du eragina. Herritarrek ez dituzte ordaindu beharko zerga batzuk —adibidez, jardun ekonomikoarekin lotutakoa eta kontribuzioa—, eta udalek kalte-ordainak jasoko dituzte kobratu gabe geratutako zergengatik. Gainera, leku publikoetako kalteak konpontzeko, inbertsio planetan lehentasuna izango dute herri horiek. Nafarroako Gobernuak dekretu bidez garatu behar ditu orain neurri horiek.

Espainiako Gobernuari eskaria bideratu diote, beste izendapen bat egin dezan: babes zibileko larrialdi batek larriki erasandako eremua. Horrek atea irekiko du Madrildik diru laguntzak jasotzeko. Isabel Elizalde Landa Garapeneko kontseilariak jakinarazi du goizean hitz egin duela Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroarekin, izendapen hori eta laguntzak ahalik eta azkarren bideratzeko. Iruñeko gobernua ziur agertu da Espainiak izendapen hori emango diola, nolako hondamendia izan den kontuan hartuta. Aste batzuk joan daitezke izendapen hori iristerako, hala ere: ministro kontseiluaren baiezkoa behar du.

Uholdeekin lotuta, martxan dira konponketa lanak eta aseguruen tramitazioak. Hona berritasun nagusiak:

1. AP-15 autobidea. Arazoak daude N-121 errepidean, uholdeek kalte handiak eragin dituztelako asfaltoan. Hori ikusita, asteartean bertan Nafarroako Gobernuak erabaki zuen AP-15 autobidean bidesaria kentzea eremu horretan: Imarkoaingo bidesaria kendu egin dute. Orain aztertzen ari dira zenbateko kalte-ordaina eman autobideko enpresari, kobratu gabe utziko dituen bidesariengatik.

2. N-121 errepidea. Puiuko sarbidean zulo handi bat egin da errepidean, eta pare bat hilabete beharko dituzte konpontzeko. Obra osoa izango da, eta, beraz, proiektua ere egin beharko dute, eta tramitazio osoa. Errepide hori itxita dagoen bitartean, doakoa izango da AP-15 autobidea. Leotzen ere ari dira lanean, herria lotzen duen zubian kalte handiak izan baitira.

3. Herrietako garraioa. Errepideko arazoak ikusita, autobus zerbitzu berezia jarri dute Tafalla, Puiu eta Garisoain artean, herritarren joan-etorriak errazteko.

4. Ibai ingurua. Zidakos ibaiak eragindako eremuen azterketa egiten ari dira: bideak, soroak, zubiak... Lehen azterketa horren ondoren zehaztuko dute zenbateko kalteak izan diren, eta zein diren lehentasunez konpondu beharrekoak.

5. Aseguruak. Herritarrak eta enpresak hasi dira kalteen berri ematen aseguruei. Hondamendia izan denez, aseguruen konpentsazio partzuergoak hartuko du bere gain horiek ordaintzea. Lehen kalkuluen arabera, 15 milioi eurotik gorako kalteak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.