Gizartea
"Topaketaren kultura" gisa deskribatu du Munillak Elkanoren bidaia
Getariarrak munduari bira eman zioneko urteurreneko ekitaldien baitan egin ditu adierazpenok Donostiako gotzainak.

Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zioneko 500. urteurrena osatu dute Getarian egunotan, eta hori dela hainbat ekitaldia antolatu dituzte, tartean baita Espainiako Itsas Armadako eskolaontzi baten bisita ere. Hain zuzen ere, armadako kideez inguratuta eman zuen meza Jose Ignacio Munilla gotzainak joan den igandean.
Azken asteetan eztabaida piztu da instituzioek bidaiaren urteurrenarekin lotuta Elkano goraipatzeko antolatutako ekitaldiak direla medio. Halakoak baztertu ditu, ordea, Munillak eta adierazi du Amerika iparraldearen kasuan ez bezala, Elkanok bazuela "kosmobisio kristau bat" "autokritika egitea" ahalbidetzen ziona.
Horrez gain, "mestizaje erabatekoa eta topaketaren kultura" gisa deskribatu ditu hark eta haren bidaiakideek herri indigenekin izandako hartu-emanak. "Isabel [Gaztelakoa erregina] argi utzi zuen indigenak gizon libreak zirela. Koroaren menpekoak baina gainontzeko herritarrak bezala, haien eskubide eta betebeharrekin".
Donostiako gotzainak onartu du bidaia hark bazituela bestelako interesak "kristautasuna hedatzeaz" gain, baina Munillaren arabera, azken hori "diru-borroka eta botere-nahikeriaren" gainetik jarri zuen Elkanok.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.