Indarkeria matxista

Engainuz nesken argazkiak lortzeagatik abiatutako auzibidea akordio batekin itxi dute

Duela bi urte Donostiako Piratetatik eta Sortutik gizonezko militante bat kanporatu zuten, emakume gazteak biluzik ageri diren argazkiak engainuz eta boterekeriaz lortzeagatik. Tximeleten Reboluzioa taldeko kideek akordio judiziala lortu dute harekin orain, eta itxitzat jo dute auzitegietako bidea.

Tximeleten Reboluzioa taldeko kideak, urrian egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko uztailaren 12a
07:14
Entzun

Donostiako hamar emakume gaztek Haritz Varelaren aurka abiatutako auzibidea amaitu egin da, bi aldeek akordioa lortu eta gero. 2017ko uztailean, Sortuk eta Piratek jakinarazi zuten gizon hori kanporatu zutela, “emakumeen kontrako abusu praktika batengatik”. Militante ezaguna zen, eta zeukan ospeaz eta botereaz baliatu zen hainbat neska biluzik ageri ziren argazkiak lortzeko, engainua eta manipulazioa erabiliz. Akordioan, egindakoa aitortu du Varelak, eta “berriro gerta ez dadin lanketa bat abiatzea” onartu du, Tximelen Reboluzioa taldeak gizonari zuzendutako gutun baten bidez jakinarazi duenez. 40 emakumeri baino gehiagori egin zien eraso.

“Ez genuen eta ez dugu justizia sistema espainiar eta matxistan sinesten, ezta zigorrean oinarrituriko erreparazioan ere: horregatik erabaki dugu kalte-ordainei uko egitea. Bide guztiak jorratu nahi genituen, ordea; gure minari erantzuteko gizarteak eskaintzen dizkigun guztiak, eta horregatik jo genuen epaitegietara ere”, argudiatu dute. Hala ere, erasotzaileari eskatu diote ez jartzeko haiekin harremanetan: “Badakigu ezin zaiola pertsona bati heriotza sozialik opa, baina oraindik ez gaude prest zurekin parez pare topo egiteko. Mina ematen digu oraindik gertaeren oroitzapenak, eta zu ikusita sabela estutzen zaigu. Badakigu egindakoaz kontziente zarena, eta, beraz, behar dugun distantzia hori errespetatzea eskatzen dizugu”.

Izan ere, zauriak sendatu gabe daudela nabarmendu dute gazteek, baina esker ona ere adierazi dute, azken bi urteotako prozesuan “elkartasun eta berotasun” handia ere sentitu dutelako. “Kolektiboak eta gureak izan dira sendabidera eraman gaituzten bide gehienak. Horretarako sortu genuen, hain justu, Tximeleten Reboluzioa: erasoa jasan genuenon artean sarea sortzeko eta elkar goxatzeko”.

Hala ere, emakume horien ustez, Varelaren erasoek agerian utzi dute “hausnarketa zabalagoa” behar dela “botere harremanen, militantzia ereduen, genero sistemaren, eta eraso sexual eta sexisten inguruan”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.