Euskal presoak

Espainiak bigarrenez eskatuko du Josu Urrutikoetxearen estradizioa

1980an ETAk hildako Luis Maria Herguetaren aurkako atentatuagatik eskatuko dute hura Espainiaratzeko. Aurrez beste estradizio eskaera bat aurkeztua du Auzitegi Nazionalak.

Josu Urrutikoetxea, artxiboko argazki batean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2019ko uztailaren 12a
23:37
Entzun

Espainiako Gobernuko jarduneko eledunak, Isabel Zelaak, eman du Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiaren berri. Bigarren estradizio eskaria litzateke eskatu asmo dutena. Lehena 1987ko Zaragozako kuarteleko atentatuagatik bere kontra irekia duten prozeduragatik litzateke, eta bigarren hau berriz ETAk hildako Luis Maria Hergueta enpresariarekin lotuta legoke.

Egun espetxean da Urrutikoetxea, haren aurka irekitako auzibideak erabaki zain. Pasa den maiatzaren 16an atxilotu zuten ETAko kide historiko izandakoa Frantziako Alpeetan, Sallanches herrian, ebakuntza bat egitera zihoala, eta presondegian sartu. Bi espetxe zigor ditu betetzeko Frantzian: Parisek 2010ean zazpi urteko zigorra ezarri zion, ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatuta; eta 2017an, zortzi urtekoa, 2011-2013 artean Osloko elkarrizketa mahaian izan eta ETAko egitura politikoan parte hartzea egotzita.

Haren aurkako bi epaiketetan egon ez zenez, berriz egiteko eskatu zuen, odea, Urrutikoetxeak eta hala egingo dute. 2010eko auzia urtarrilaren 6ra egingo dute, Parisko Kasazio Auzitegiak hartuko duen erabakiaren zain. 2017koa, berriz, irailaren 12an epaituko dute. Bestalde, Urrutikoetxearen aurkako euroaginduari dagokionez, Parisko Dei Auzitegiko instrukzio epaileak urriaren 16rako finkatu zuen.

1980ko hamarkadaren hasierarako, ETAko ordezkari inportanteenetakotzat jotzen zuten Urrutikoetxea. 1998ko urrian, preso zegoela, haren izena proposatu zion ETAk Espainiako Gobernuari bake negoziazioetarako mintzaide gisa. Bide motza egin zuen aukera hark, baina 2002an alde egin, eta 2005eko ekainean ETAko ordezkari gisa azaldu zen Genevako negoziazio mahaian.

Elkarrizketa saio horiek porrot egin zuten, baina, ETAk 2011ko urrian jarduera armatuaren behin betiko etena iragarri ostean, Urrutikoetxeak hilabeteak eman zituen Oslon, David Pla eta Iratxe Sorzabalekin batera, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza baten zain, gatazkaren ondorioen inguruan hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.