Preso jarraituko du oraindik

Josu Urrutikoetxeak espetxean segituko du, Parisko epaileak urriaren 16rako finkatu baitu Espainiak eskatutako euroaginduaren auzia. Defentsak aske uzteko eskatu du; bi asteren buruan ebatziko da

Josu Urrutikoetxearen seme Egoitz —argazkian, ezkerrean—, atzo, Parisen, aitari buruzko auzi saiora joanda. FERNANDO PEREZ / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun

Josu Urrutikoetxeak behin-behinean preso jarraituko du Frantzian, Parisko Dei Auzitegiko instrukzio epaileak urriaren 16rako finkatu duelako Espainiako Estatuak, gizateriaren kontrako krimenak leporatuta, haren aurka eskatua duen euroaginduaren auzia, eta bitartean ez duelako libre utzi. Atzo ia arratsaldeko laurak zirela hasi zuten horri buruzko auzi saioa, Parisen, eta bost minutu besterik ez zuen iraun. Epaileak Madrilen euroagindu eskaera jakinarazi zion Urrutikoetxeari; hark baztertu egin zuen. Preso segituko du; La Santeko kartzelan dago. Dena dela, defentsa abokatuek baldintzapean libre uzteko eskatu zuten atzo arratsaldean bertan, eta hamabost egunen buruan hartuko du epaileak erabakia. Espainiak bi estradizio eskaera ere aurkeztuak ditu, baina atzo horiez ez zuten jardun, eta defentsak ez daki noiz aztertuko dituzten.

Parisko Dei Auzitegiak hilaren 19an Urrutikoetxea ETAko ordezkari historikoa izandakoa kontrol judizialpean aske uzteko erabaki zuen, baina hura artean La Sante espetxean zela DGSI Poliziak atzeman egin zuen, Espainiaren atxilotze eskaera bat zela medio. Gaur zortzi fiskalak azaldu zion Madrilen bi estradizio eskaera eta euroagindu bat daudela bere aurka, eta berriro La Santera bidali zuten, atzoko hitzordua ezarrita.

Egoitz Urrutikoetxeak hilaren 19an zioen dei auzitegiak zuzenbidea jarraitzeagatik, bere aitaren osasun egoera larriagatik, defentsak askatzeko eskainitako bermeagatik —Louis Joinet frantziar legelariak proposatu zuen bere etxean hartzea Josu Urrutikoetxea— eta Euskal Herriko egoera politiko berria kontuan hartuta erabaki zuela baldintzapeko askatasuna ematea, eta Espainiaren «presioei» eta Frantziako Gobernuaren «mugimenduei» leporatu zien ondoko atxiloketa.

Lehenik, maiatzaren 16an atzeman zuen Frantziako Poliziak Urrutikoetxea, Alpeetan, ebakuntza bat egitera zihoala. Oraindik ez diote egin, medikuek premia agertu arren. Gainera, presoaren familiak oraino ez du bisitatzeko aukerarik izan, baimenak ukatu dizkielako Parisek. Haren seme Egoitzek eta alaba Iratik ekainaren 19an auzitegian aitarekin momentu batez egoteko aukera izan zuten, baina ez besterik.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAren 1980ko eta 1987ko hilketa batzuengatik aurkeztu ditu estradizio eskaerak, eta euroagindua, berriz, gizateriaren kontrako krimenengatik. 1980ko hilketa Gasteizen gertatu zen: Michelin lantokiko arduradun Luis Maria Hergueta hil zuen ETAk, eta zuzenean parte hartzea leporatzen diote Urrutikoetxeari. 1987koa, Zaragozan (Espainia) izan zen: Guardia Zibilaren kuartel baten aurka bonba-auto bat lehertu zuen ETAk, eta 11 pertsona hil zituen; atentatua agindu izana egozten diote Urrutikoetxeari.

Bihar, Oslokoaz epaiketa

Josu Urrutikoetxeak (Ugao, Bizkaia, 1950) bihar epaiketa bat izango du Parisen, Auzitegi Korrekzionalean, 2011-2013an Osloko elkarrizketa saioan ETAren egiturako kideetakoa izan zelakoan. 2017an zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten horregatik, baina sasian zen orduan, eta pasa den maiatzean atzeman ondotik berriro epaitzeko eskatu zuen —2010eko beste zigor bategatik ere bai—. 2011ko urriaren 20an jarduera armatua bukatutzat eman ondoren, Espainiarekin gatazkaren ondorioez aritzeko asmoa zuen ETAk Oslon, nazioartearen anparoan. Madril ez zen agertu. 2012ko udazkenean Frantziari proposamen bat egin zion ETAk, emaitzarik gabe.

Joan den astelehenean, nazioarteko hainbat lagun ezagunek Frantziari Urrutikoetxearen askatasunaren aldeko keinuak eskatu zizkioten. Michel Tubiana LDH Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea, Matt Carthy Sinn Feineko eurodiputatua eta Jacques Gaillot apezpikua mintzatu ziren prentsaurreko batean, eta Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiaren bideo bat zabaldu zuten. Berriki, Gerry Adams Sinn Feineko buru ohiak eta Ronnie Kasrils ETAren armagabetze garaiko Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak artikulu bat idatzi dute Le Monde-n. Herenegun, EELV Europako Berdeen alderdiak eskatu zuen Urrutikoetxea libre uzteko. Antzeko ekinbide gehiago izan da maiatzean atxilotu zutenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.