Ikurrina

Navarra Sumako zinegotzi batek EH Bilduko beste baten aurka jo du, txupinazoan "ostikadak" emateagatik

Salaketaren arabera, txupinazoaren unean Abaurrea ikurrina udaletxeko balkoira ateratzen ahalegindu zen, eta orduan Albak heldu egin zion, eta hark "ostikoka" erantzun zion.

EH Bilduko eta Geroa Bai-ko zinegotziak ikurrina ateratzeko ahaleginan, txupinazoaren unean; tartean Joxe Abaurrea zinegotzia. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2019ko uztailaren 12a
15:46
Entzun

Iruñeko Udalean Navarra Sumako ziengotzia den Carme Albak salaketa aurkeztu du Udaltzaingoan EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurrearen aurka. Sanferminetako txupinazoan  udaleko balkoian izandako liskarrekin dago lotuta salaketa. Albak berak azaldu zuenez, Abaurrea izan zen txupinazoan ikurrina balkoira ateratzen ahalegindu zena; bera horretaz ohartu zenean, oihalari heldu zion, eta hark "ostikoka" erantzun: "Ostikoak eman zizkidaten, eta hainbat ubeldu ditut zangoan".

Uztailaren 6an udaletxean gertatutakoarekin lotutako bigarren salaketa da Albak aurkeztutakoa. Aurrez, EH Bilduk iragarri zuen auzitara joko duela udaltzainek Maider Beloki EH Bilduko zinegotziari egindako lesioengatik. Izan ere, udaletxeko balkoian ikurrina zabaltzen ahalegindu zen Beloki, Itziar Gomez Geroa Baiko udal ordezkariarekin batera, eta udaltzainek indarrez eragotzi zieten. Baina, ikurrinari tira egiterakoan, Belokiren ileetatik ere tira egin zuen udal poliziak. Ondorioz, zerbikaletako muskuluen kontraktura larria dauka, eta gaixo agiria eman diote.

Hala ere, sanferminetako lehen egunean Enrique Maia alkateak egin bezala, Albak ere EH Bildu eta Geroa Baiko zinegotziei leporatu die gertatutakoaren erantzukizun osoa. "Haiek izan ziren ikurrina zabaltzen ahalegindu zirenak, nahiz eta jakin ez dela Nafarroako bandera. Ez dut ezer ikurrinaren aurka, baina inon egotekotan EAEn egon behar du. Iruñeko Udalean Espainiako, Nafarroako eta Iruñeko banderek egon behar dute".

Navarra Sumako zinegotziak gogorarazi du ikurrina "inposatu nahian" hauteskundeetako emaitzei "entzungor" egiten dietela: "Hauteskundeak egin berri ditugu, eta, horietan, Navarra Suma gehiengo absolututik gertu egon da".

Belokiren lesioak ere izan ditu hizpide Albak, eta ohartarazi du Udaltzaingoa "legezkotasuna eta herritarrak defendatzeko" dagoela, eta txupinazoren egunean hori bera egin zuela udaletxeko balkoian. "[Joseba] Asironek ikurrina jarri zuen aldietan ere justiziak argi esan zuen bandera hori ezin zela hor egon".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.