Ekonomia

Volkswagenek hirugarren modelo bat ekarriko du Landabenera

Gaur berretsi du Iruñean ekoitziko duela 2021eko bigarren seihilekotik aurrera Polo familiaren hirugarren modeloa.

Volkswagen Polo autoak, Landabengo lantokian. VILLAR LOPEZ, EFE
2019ko uztailaren 15a
07:26
Entzun

Azkenean, Volkswagenek hirugarren modelo bat egingo du Iruñean Landabenen duen lantokian. Gaur goizean jakinarazi du hartu duela erabakia eta 2021eko bigarren sehilekotik aurrera hasiko dela Polo familiako hirugarren modeloa ekoizten Iruñean. Polo eta T-Roc modeloak egiten dituzte orain Iruñean, eta bi horiei beste modelo bat gehituko litzaieke orain. Bi modelo horien plataforma bera izango du hirugarren modeloak, MQB izenekoa.

Andreas Totsmann Volkswageneko batzorde eragileko kide eta Produkzio eta Logistika arduradunak eman du erabakiaren berri. "Auto txikien fabrikazioan eta ekoizpen onean duen esperientzia handiagatik nabarmentzen da Nafarroako Volkswagen. T-Roc modeloa atera zenean erakutsi zuen lantaldeak zer gaitasun duen ibilgailu berri baten proiektua aurrera ateratzeko azkar eta kostuetan modu eraginkor batean. Plataforma bera erabiliko dugunez, Poloaren eta T-Crossaren fabrikazioan erabiltzen ditugun matrize eta fabrikazio lerro berak erabili ditzakegu; sinergia horiei esker, modelo berri hau kostu lehiakorrekin ekoitzi ahal izango dugu", dio zuzendaritzak erabakiaren berri izan ondoren zabaldu duen oharrean.

Emilio Saenz Volkswageneko presidenteak adierazi du erabakiak berretsi egiten duela lantaldearen duen konpromisoa. "Ibilgailu berri honekin, luzera begira lantegiaren lan karga bermatu dezakegu, eta, horren ondorioz, enplegua". Martxoan, Volkswagenek hainbat zalantza agertu zituen Landabenen lehiakortasunaren inguruan; modelo gehiago hartuta lantegia ezin zabaldu litekeela argudiatuz, lehiakortasuna galduko zuela eman zuen aditzera. Ekainaren amaieran, Landabengo lantegiko zuzendaritzak larunbatetan lan egitea proposatu zien langileei lehiakortasun handiagoa izateko, eta UGT sindikatua —horrek irabazi zituen hauteskunde sindikalak martxoan— prest azaldu zen Wolfsburgen eskaera aztertzeko, beste modelo bat "ez delako kapritxo bat, behar bat baizik".

1966tik, Iruñeko lantegiak esperientzia handia hartu du ibilgailu txikietan. Lehen Polo autoa 1984an atera zen lantegi horretatik, eta gaur egun arte modelo horretako zortzi milioi ibilgailu ekoitzi dira hor. 2018. urtean, 272.272 auto ekoitzi ziren Landabenen, Polo eta T-Roc modeloetakoak; egunero 1.408 ibilgailu egin zituzten, eta orain 1.438ra igo nahiko luke Alemaniako zuzendaritzak. Eskaera hori betetzeko, langileek ahalegin handiagoa egin beharko dute. 2016an, T-Cross modeloa lortze aldera, lanaldia luzatzea eta langile sartu berriei gutxiago ordaintzea onartu zuten, besteak beste.

Martxoak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.