Nafarroako Volkswagenen UGTk eta CCOOk eroso kudeatuko dute langile batzordea datozen urteetan. UGTk garaipen argia lortu du Landabenen, 29 ordezkaritik 12 eskuratuta. Fabrikaren geroan eragiteko, alboan izango du CCOO, beste 8rekin. Indar abertzaleak atzean geratu dira, aurreikuspenak betez. ELAk bat irabazi du, eta 3 ordezkari izango ditu; eta LABek bat galdu du, eta 3 ordezkarirekin geratuko da. CGTk izan du galerarik handiena, bi ordezkarirena, eta 2rekin geratuko da. CCPk, berriz, zuen ordezkari bakarrari eutsi dio.
UGT pozarren azaldu da ohar batean, eta dagoeneko erakutsi du zertarako baliatuko duen gehiengoa. "Gure zilegitasunarentzat berme bat da hau, lortu den itunerako oinarria lehenbailehen gauzatu dadin". Sei urterako hitzarmena egin berri dute UGTk eta CCOOk zuzendaritzarekin, Wolfsburgok beste modelo baten aukera aipatu ondoren, hirugarrena. Luzaroko akordioa egin eta gero, ordea, Alemaniako zuzendaritzaren ezetza iritsi da, eta ez hirugarren modeloa.
"Ituna egin, eta geroari ilusioarekin ekiteko aukera dugu", esan du UGTk. Nola? Zuzendaritzarekin lortutako erreleboa gauzatuz. "Gure lankiderik zaharrenei irteera lehenbailehen emateko garaia da, 200 langile finkoak egiten hastekoa, soldatak gaurkotzekoa eta akordiorako oinarrian jasotako aurrerapen sozialak abiatzekoa".
AEBetako burtsa arautzaileak WV salatu du epaitegietan
AEBetako SEC burtsaren batzordeak salaketa jarri dio Volkswageni eta konpainiako presidente ohi Martin Winterkorni, AEBetako inbertitzaileei iruzurra egiteagatik isuriak faltsutzekotxipen harira. SECek dio 2014ko apiriletik eta 2015eko maiatzera artean Wolfburgoko konpainiak 11.600 milioi euro jaulki zituela AEBetan, "nahiz eta zuzendaritzak bazekien 500.000 autok baino gehiagok herrialdeko isurien legezko mugak gainditzen zituztela". Volkswagenek mezu "faltsuak eta okerrak" eman zituela uste du burtsako batzordeak, eta inbertitzaileei kalte egin ziela.