Auzitegiak

Makrokanta bat, makroepaiketari aurre egiteko

Nagore Arin.
2019ko uztailaren 16a
13:46
Entzun

Makrokanta labetik atera berri da. "Sorpresa eder bat" iragarri zuen atzo 47ak Herrian plataformak, eta gaur plazaratu dute: elkartasun kantu bat. Hainbat musikari elkartu, eta, "11/13 makroepaiketari ez eta konponbideari bai" aldarrikatzeko sortu dute abestia. "Musikak mundua mugitzen du", dio plataformak, eta horregatik erabaki dute egitasmo hau egitea, "barrenak astindu, konexioak sortu eta norabide anitzeko komunikazioa eraikitzeko".

Musikari eta artista asko bildu dira abestia sortzeko, norberak bere aletxoa jarriz, "lekuz kanpo eta denboraz kanpo dagoen zentzugabekeria hau bertan behera geratzeko". Parte hartzaileen artean badira pertsona ezagunak, ahotsa jarri duten musikariak, kasurako: Suaia, Aiora Renteria, Juantxo Arakama eta Maria Rivero. Hitzak, berriz, Izar Mendiguren, Juantxo Arakama eta Suaiak idatzi dituzte.

Bide batez, benetan heldu behar zaion problematikari heltzeko beharra azpimarratu dute plataformako kideek, "egungo espetxe politika aldatu eta euskal preso eta iheslarien gaia soluzio agenda beti lotua egotea", hain zuzen. "Makrokanta" gizarteratu da jada, "makroelkartasunak eta makromaitasunek mundua mugi dezaten" aurrerantzean ere.

Makroepaiketa, irailaren 16an

Epaiketa hasteko bi hilabete falta direla plazaratu dute elkartasun kantua; izan ere, irailaren 16an hasiko dira presoen eskubideen aldeko lana epaitzen. Guztira, 47 lagun daude auzipetuta Espainiako Auzitegi Nazionalean, "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita. Auzipetuen artean daude Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak. Zortzi eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu fiskalak; 601 urte, guztien artean. Espetxealdia soilik ez, beste lau eta zortzi urte arteko zaintzapeko zigorra ere eskatzen dute 47 auzipetuentzat. Horrekin batera, 117.600 euro isunetan. Auzipetuek aurreikusitakoaren arabera, epaiketak hiru bat hilabete iraungo du gutxienez.

2013ko irailean Herrira mugimenduaren aurka eginiko polizia operazio batean du jatorria 11/13 sumarioak. Polizia operazio horretan mugimendu horretako 18 pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta, deklaratu ondoren, baldintzapean aske geratu ziren guztiak, batzuk fidantzapean. Preso eta iheslarien aldeko urtarrileko manifestazioaren bueltan iritsi ziren hurrengo operazioak. 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagun atxilotu zituzten, eta espetxealdi prebentiboan eduki zituzten hilabete luzez. Hurrengo urtean, 2015eko urtarrilean, hamabi abokatu eta Herrira mugimenduko beste lau lagun atzeman zituzten. Baldintzapean aske geratu ziren gehienak, baina Herrira mugimenduko hiru kide espetxeratuak izan ziren 10 eta 13 hilabetez. 2015eko martxoan, azkenik, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetako lau kide atxilotu zituzten. Deklaratu ondoren baldintzapean aske geratu ziren guztiak, batzuk bermepean. Atxiloketak egin zituztenean atzeman ez bazituzten ere, beste bi lagun ere inputatu zituzten garai hartan.

Auzipetuek apirilean plazaratu zuten ohar batean azaldu dutenez, "estatuaren estolderietan sorturiko auzibidea" da 11/13 sumarioa; "astakeria juridiko eta soziala". Egozten zaizkienak beren "printzipio etiko eta politikoei" lotutako lanak direla diote, hots, "euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea". Halaber, adierazi dute ez direla geldirik egongo eta, epaiketaren atarian dauden honetan, bidegabekeria salatuko dutela, "behar den lekuan eta behar den guztietan".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.