Sudan

Hiru urterako akordioa sinatu dute Sudango armadak eta oposizioak

Bost zibilek, bost militarrek eta bi aldeek adostutako pertsona batek osatuko dute trantsizioko gobernua, eta lehen 21 hilabeteetan armadak zuzenduko du.

Junta militarraren aurkako protestak Khartumen. MARWAN ALI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko uztailaren 17a
07:26
Entzun

Joan den apirilean agintetik kendu zuten militarrek Omar al-Baxir Sudango presidentea, eta hiru hilabeteko larrialdi egoera ezarri. Negoziatzen aritu dira bi aldeak geroztik, eta, uztailaren hasieran gehienez hiru urteko trantsizio epea zehazten zuen akordioa hitzartu ostean, hitzarmen politikoa sinatu dute bart.

Hiru urte eta hiru hilabeteko trantsizioaldian aginduko duen batzordea nork osatuko duen zehazten du hitzarmenak. Bost militar, bost zibil eta bi aldeek adostutako pertsona batek osatuko dute behin-behineko gobernua, eta militarrek zuzenduko dute hura lehen 21 hilabeteetan. Ondoren, zibilek hartuko dute gidaritza.

"Aro berri baterako urrats erabakigarria". Hala deskribatu du hitzarmena Mohamed Hassan Labatek, Afrikako Batasuneko bitartekariak, eta aurreratu du hurrengo urratsa konstituzio berri bat adostea izango dela. Izan ere, Al-Baxir agintetik kendu ostean indargabetu zuten aurrekoa.

Hala ere, badira oraindik jakinarazi ez dituzten eta eztabaida eragin duten hainbat puntu. Armadak, esaterako, ez zuen onartzen justizia burua eta fiskal nagusia trantsizioko gobernuak izendatzea, eta oposizioak ez zuen nahi trantsizio gobernuko kideek "erabateko immunitatea" izaterik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.