Scotland Goes Basque

Edinburgoko udako jaialdietan izango dira euskal sortzaileak

56 euskal sortzaile izango dira abuztuan egingo diren Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko uztailaren 17a
14:42
Entzun

“Esana dago, normalean, elefantea margotzen denean, paperezko elefante hori berezkoa baino txikiagoa izaten dela; eta, aldiz, arkakusoa marrazten denean, naturan berezkoa duen tamaina baino handiago irudikatzen dela”, dio Bernardo Atxagak, eta “justizia poetikoa” egiten dutela marrazkiek. “Handia txikitu egiten da, eta txikia goratu”. Errealitatean, baina, ez da halakorik gertatzen Atxagaren hitzetan. “Elefanteak are eta handiago izan nahi du beti, eta arkakusoa txikiagotzen saiatzen da. Hala gertatzen da dantzarekin, antzerkiarekin, literatura mota batekin eta baita hizkuntza batzuekin ere. Horregatik da hain garrantzitsua erakundeek begirada zabala izatea, eta konturatzea txiki den horrek eragin handia izan dezakeela gizartean”.

Urtarrilean aurkeztu zuen Etxepare Euskal Institutuak Scotland Goes Basque programa: Eskozian 2019an zehar izango diren hogeitik gora kultur ekitalditan euskara eta euskal kultura ezagutaraztea xede duen egitasmoa. Euskal musikariak izan ziren herrialde horretara bidaiatzen lehenak, Glasgowko Celtic Connections jaialdian parte hartu baitzuten hainbatek. Maiatzean, berriz, euskal zinemaren hainbat lan erakutsi zituzten Cinema Attic eta Edinburgoko Nazioarteko Zinema jaialdien programazioetan. Arte eszenikoen eta literaturaren txanda da orain, abuztuan egingo diren Edinburg Festival Frigen eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan izango baitira Euskal Herriko 56 sortzaile. Gaur egin dute aurkezpena, Bilboko Azkuna zentroan.

Abuztuaren 2tik 26ra egingo dute Edinburg Festival Frigen kale arteen jaialdia. 1947tik egiten da, eta topagune garrantzitsua da nazioarteko konpainientzat zein programatzaileentzat. Besteak beste, Krego-Martin Dantza konpainiak, Akira Yosida dantzaria eta Proyecto Colectivo HQPC izango dira han.Atlantik 1050 ikuskizuna ere estrainatuko dute abuztuaren 9an: Etxepare institutuak, Errenteriako (Gipuzkoa) Atlantikaldia jaialdiarekin eta Dance Base-rekin batera ondutako dantza pieza. Tio Teronen Semeak taldeak ere FreschColl kale antzerkia eramango du Edinburgora.

Abuztuaren 10 eta 26 bitartean egingo da, bestalde, Edinburgh International Book Festival jaialdia, eta han ere izango dira euskal sortzaileak. Iban Zalduak, kasurako, James Robertson idazlearekin batera ondutako Txekhov vs Shakespeare egitasmoa aurkeztuko du. Harkaitz Canok Twist nobelari buruzko saioa egingo du Jumoke Verissimo poeta nigeriarrarekin, eta Wine and Words zikloa ere egingo du Danele Sarriugarte idazlearekin eta Joseba Etxegoien musikariarekin batera. Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga eta Eider Rodriguez sortzaileek ere hainbat ekitaldi egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.