Nafarroako Gobernuaren osaketa

Ahal Dugu-k akordiorako "ezinbestekotzat" jo du Nafarroako Gobernuan sartzea

Alderdiak proposatu du "koalizio gobernua" eratzea, PSN, Geroa Bai eta Ezkerrarekin batera. Goizean, PSNk gobernu egiturari buruzko proposamena egin die negoziazio bileretan parte hartzen ari diren gainerako hiru alderdiei.

Nafarroako Gobernuaren osaketarako negoziazioetarako Ahal Dugu-ren ordezkaritza, asteartea, Nafarroako Parlamenturako bidean. IñAKI PORTO, EFE
2019ko uztailaren 17a
20:04
Entzun

Nafarroan koalizio gobernu bat eratzea "ezinbestekoa" dela erabaki du Ahal Dugu-ren Koordinazio Kontseiluak, gaur, aho batez. PSN, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-ren kontseilariek osatutako gobernua galdegin du, lau alderdi horiek goizean egin duten bileraren ostean.

Lauko bilkura horretan, PSNk gobernu egiturari buruzko lanerako dokumentu bat aurkeztu die gainerako hirurei. Bileraren ondoren, Ramon Alzorriz PSNko Antolaketa idazkariak adierazi du "gobernu sozialista bat" eratzea dela bere alderdiaren nahia, baina prest agertu da bestelako baldintza batzuk adosteko. Geroa Baik, berriz, "ardura partekatuak" izango dituen gobernu baten aldeko jarrera berretsi du.

Nafarroako Ahal Dugu-k koalizio gobernuaren aldeko apustu "argi eta irmoa" egin du, Koordinazio Kontseiluaren esanetan. Gobernu berrian bere alderdiko kontseilariak izatea eskatu du. Argudiatu du Nafarroako gizarteak "koalizio gobernuen eta alderdien arteko elkar ulertzearen aldeko hautua" egin zuela, ez baitzion inori gehiengo osoaren adinako babesik eman.

Azaldu duenez, negoziazioen "amaierako argazkia" izango da erabakigarria "legealdi akordioa sinatu ala ez" erabakitzeko. "Nafarroako Ahal Dugu-k hasieratik utzi du argi prozesuak zer, nola eta nor aldagaiak hartzen zituela bere baitan". Alderdiaren arabera, orain "nola" argitzeko unea da. Nabarmendu dutenez, galdera horrek izan behar duen erantzunean "ezinbestekoa" da jasotzea Ahal Dugu-k gobernu berriaren parte izan behar duela. Hala ere, Ahal Dugu-k argitu du akorio oro alderdiaren Asanblea Herritarrak berretsi beharko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.