Klima aldaketa

Klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko bilera egingo du 'Fridays For Future' mugimenduak Suitzan

Abuztuaren 4tik 9ra bitartean egingo dute. Mugimenduaren lehen bilera izango da, eta Suitzan egingo dute, Lausana hirian.

Klimaren aldeko ikasleen greba, Baionan. GUIILAUME FAUVEAU / IPARLA
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 17a
09:48
Entzun

Klima aldaketaren inguruko aldarriak hedatzeko asmoz jaio zen Fridays For Future mugimendua. Geroztik, sona handia izan duten aldarrikapenak egin dituzte. Greta Thunberg suediar nerabea da mugimenduaren sortzailea, eta aski ezaguna egin da nazioartean egin dituen agerraldiak direla eta. Datorren irailaren 20rako greba orokor batera deitu ondoren, mugimenduak klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko bilera antolatu du. Mugimenduaren lehen nazioarteko bilera izango da. Abuztuaren 4tik 9ra bitartean egingo dute, Suitzan, Lausana hirian.

"Parte hartzaileen arteko harremanak saretu eta sendotzea" da deialdiaren helburu nagusia. Halaber, etorkizuneko mobilizazioen ildoak ere finkatuko dituzte: irailaren 20rako deitu duten greba orokorra, kasurako. Ekinaldi jendetsua izango da; izan ere, 37 herrialdetako 450 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte bilkura horretan. Thunberg fundatzailearekin batera, ekinaldiak mundu osoko 1.500 nerabe ekologista elkartuko ditu. Bilkurak iraunen duen egun horietarako, askotariko eztabaida saioak antolatuko dituzte, euren hitzetan, "nazioarteko zientzialari adituek babestuta". Erronka gisa dituzte, besteak beste, mugimenduaren balio eta printzipioen adostasuna lortzea eta helburu estrategikoak berrezartzea.

"Inoiz ez bezalako mundu mobilizazio" bat egitera deitu dituzte herritarrak, eta iragan martxoaren 15ean antolatu ziren agerraldietan izan zuten arrakasta goraipatu dute. Mugimenduak eskaini dituen datuen arabera, milioi eta erdi herritarrek baino gehiagok hartu zuten parte manifestazio horietan, klima aldaketaren aurkako aldarriak elkartuta. Adierazi dutenez, aldarrikapen horiek Fridays For Future mugimenduaren izenpean antolatu ziren kontinente guztietan, "klima aldaketaren larritasunaz ohartarazteko, ekintzak galdegiteko eta kontzientziarazteko".

Greba orokorra, neurriak eskatzeko

Eskutitz baten bitartez deitu zuen grebara Thunberg ekintzaile gazteak. Alemaniako Süddeutsche Zeitung egunkari alemaniarrean argitaratu zuen mezua. Idatzian, greba orokorrera deitu zituen gizarteko sektore guztiak, agintariei klima aldaketari erantzuteko neurriak eskatzeko. Halaber, Thunbergek nabarmendu zuen grebak gazteen mobilizaziotik harago joan behar lukeela, "guztia aldatzeko guztion beharra" ezinbestekoa delako.

Sinatzaileen esanetan, irailaren 20ko greba orokorraren helburua da "gizadiaren historian mugarria" izango den mobilizazio bat antolatzea; "hasiera berri bat". Gainera, grebarekin batera, "klimaren aldeko ekintza astea" antolatzeko asmoa iragarri dute mugimenduko kideek. Mezu zuzenez josia dago eskutitza: "Batzeko eskatzen dizugu. Ekintza ugari daude engaiatzeko, munduko hainbat tokitan. Atera zaitez egun horretan kalera bizilagunarekin, lankidearekin, lagunekin eta familiarekin, gure ahotsak entzun daitezen", esaterako. Era berean, herritarren "erresistentzia masiboa" eta "ekintza kolektiboak" galdegin dituzte, "presioa handitu eta aldaketa bat gertatuko dela ziurtatzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.