Nafarroako Gobernua

Atzeratu egin dute Nafarroako Gobernua osatzeko gaurko bilera, PSNren eskariz

Gaur eguerdian ziren biltzekoak PSNko, Geroa Baiko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako ordezkariak, Iruñean, Nafarroako Gobernua osatzeko aukeraz hitz egiteko. PSNk gobernu posible bat osatzeko proposamena egin behar zuen, baina bilkura atzeratzeko eskatu du.

Nafarroako Gobernuaren osaketarako negoziazioetarako Ahal Dugu-ren ordezkaritza, asteartea, Nafarroako Parlamenturako bidean. IñAKI PORTO/EFE
2019ko uztailaren 18a
14:40
Entzun

PSNko, Geroa Baiko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako ordezkariak ez dira bilduko gaur. Sanferminetako parentesiaren ondoren, herenegun negoziazioei heltzeko bilera bat egin zuten lau alderdi horiek. PSNk gobernu egiturari buruzko lanerako dokumentu bat aurkeztu zien gainerako taldeei, eta proposamen hori aztertzen jarraitzekotan ziren gaur —12:00etan ziren elkartzekoak—. PSNren eskariz, ordea, atzeratu egin dute bilera. "Denbora gehiago" behar dutela adierazi du Ramon Alzorrizek, PSNko Antolakuntza idazkariak.

Izan ere, Geroa Baik eta Ahal Duguk ekarpenak egin dizkiote PSNren agiriari. Txibiteren alderdiak planteatutako kolore bakarreko gobernua ez, koalizio gobernu baten formula lehenesten dute Geroa Baik eta Ahal Duguk. Proposamen horiek aztertu nahi ditu PSNk, beste hiru indarrekin batzartu aurretik: "Ongi landu nahi ditugu proposamen guztiak, bilera eraginkorragoa izan dadin", adierazi du Alzorrizek. Oraingoz, PSNk ez du bilera egiteko data berririk jarri.

Zehazki, koalizio gobernu bat eratzea "ezinbestekoa" dela erabaki zuen Ahal Dugu-ren Koordinazio Kontseiluak, atzo. Bileraren ondoren, Ramon Alzorriz PSNko Antolaketa idazkariak adierazi zuen "gobernu sozialista bat" eratzea dela bere alderdiaren nahia, baina prest agertu da bestelako baldintza batzuk adosteko. Geroa Baik, bestalde, "ardurak partekatzeko gobernu bat" defendatu du, alderdi horren "esperientzia" aintzat hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.