Frankismoa

"Biktima guztientzako erreparazioa" eskatu dute Gasteizen, altxamendu frankistaren urteurrenean

EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezker Anitzak eta Equok ekitaldi bateratua egin dute "inpunitate frankistaren kontra". Bat egin du Argentinako Kereilako Euskal Plataformak ere.

Frankismoaren biktimak gogoratzeko gaur goizeko ekitaldia, Gasteizen. ARABAKO EH BILDU.
2019ko uztailaren 18a
18:33
Entzun

Altxamendu frankistaren 83. urteurrenean, "frankismoaren biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa" eskatu dituzte Gasteizen. Iragana Gogoan, Araba berria eraiki. Inpunitate frankistaren kontra: egia, justizia eta erreparazioa lelopean, ekitaldi bat egin dute Agirre Lehendakaria kalean, EH Bilduk, Ahal Dugu-k Ezker Anitzak eta Equok antolatuta. Hala, adierazi dute "lehen eta bigarren mailako biktimak sailkatuko ez dituen herri bat" eraiki nahi dutela, "ez errepikatzeko bermeekin" batera.

Hirugarren urtea da alderdi horiek ekitaldi bateratua egiten dutena, eta nabarmendu dute "altxamendu frankistak eta diktadurak zapuztu zuten jendarte justuagoa eraikitzen hasi zirenen lekukoa" hartu nahi dutela. Gogora ekarri dute, besteak beste, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, hezkuntza publikoa, eskubide sozialak eta estatuaren eta Eliza katolikoaren arteko banaketa defendatu zituztela garai hartan: "Gaur egun, balio horiek guztiak indarrean daude".

Gogora institutuak egindako txosten bateko datuak ere jakinarazi dituzte. Haren arabera, 1936 eta 1945 artean gutxienez 60 lagun hil zituzten bonbardaketetan, 198 epaiketarik gabeko exekuzioetan, 30 epaiketa bidezko exekuzioetan, eta 289 espetxean. "Pertsona horiek guztiak gizateriaren kontrako krimenen biktima izan ziren. Haiei gehitu behar zaizkie borrokan hildako beste 593 miliziano".

20:00etan, elkarretaratzea

Iluntzean, elkarretaratzea egingo dute Katedral Berriaren ondoan, 20:00etan. Izan ere, "frankisten eskutik" katedrala inauguratu zuteneko 50. urteurrena beteko da aurten.

Argentinako Kereilako Euskal Plataformak ere bat egin du ekitaldiekin. "Eskuin muturrak eta frankismoa goratzen duten jarrera erreakzionarioek gora egin duten honetan, uste dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela alderdi eta erakunde demokratikoen erantzun bateratua, gizarte zibilarekin batera, aurrerakada hori gelditu eta aurre egiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.