Noiz sortua: 2019-07-18 08:29:58

Osasuna

Sexu infekzioak ugaritu egin dira

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %44 areagotu direla sexu transmisiozko infekzio kasuak eta %25 GIBarenak. Osasun Sailak kontzientziazio kanpaina bat jarriko du martxan astelehenetik aurrera.

Sexu infekzioen gorakadaz sentsibilizatzeko kanpainaren aurkezpen ekitaldia.
Sexu infekzioen gorakadaz sentsibilizatzeko kanpainaren aurkezpen ekitaldia. Adrian Ruiz de Hierro/EFE

Olatz Esteban Ezkati -

2019ko uztailak 18

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du %25 handitu dela GIBaren transmisioa 2018an, eta %44 gainontzeko sexu transmisiozko infekzioak. Osakidetzak infekzio horientzako hiru kontsulta berezi ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta bertan bildutako datuen berri eman zuen atzo sailburuak sexu transmisiozko infekzioen planaren urteko txostenaren aurkezpenean.

Murgak jakinarazi duenez, iaz, GIBaren 169 infekzio kasu detektatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 2017an baino 34 kasu gehiago, eta 2016an baino 11 gehiago. Gainontzeko infekzioen datuak ere eskaini ditu; 1.924 kasu izan dira guztira, 2017an baino 400 gehiago. Infekzio horien artean daude; chlamydia, herpes genitala, infekzio gonokozikoa eta sifilis goiztiarra. Chlamydia kasuak izan dira ugarienak, 599; 2017an baino 208 kasu gehiago, baina gainontzeko infekzioetan ere goradaka nabarmena izan da, herpesean izan ezik, 11 kasu gutxiago hauteman baitira. Bilboko kontsultan gorakada hauteman da infekzio guztietan; Donostian, berriz, egonkor mantendu da kopuru hori. Gasteizen 2017an jarri zuten kontsulta, eta, beraz, goiz da oraindik ondorioak ateratzeko.

Murgak aditzera eman du, era berean, GIBa detektatu zaien pertsonen %80 gizonezkoak direla, eta infekzioa garatu dutenen batez besteko adina 36 urte dela. Gizonen arteko sexu harremanetan izan dira transmisio kasu gehienak, %56; harreman heterosexualen bitartez, berriz, %32 izan dira.

Gorakada hori ikusita, kontzientziazio kanpaina bat abiaraziko du Osasun Sailak astelehenean, komunikabideetan zein Interneten. Zeuk aukeratzen duzu zer sartzen den zure harremanetan; baita kanpoan zer geratzen den ere izango da kanpainan helaraziko duten mezua, eta helburua, herritarrak sentsibilizatzeaz gain, preserbatiboaren erabilera bultzatzea izango da.

Osasunaren Mundu Erakundeak 2020rako hainbat helburu ezarri zituen hiesaren epidemia amaitzeko; horien artean, GIBa detektatu zaien pertsonen %90i erretrobirusen kontrako tratamendua eskaintzea. Osakidetza bide horretan ari da lanean: 2018an, 5.852 pertsonak jaso zuten tratamendua. GIBari bideratutako unitate funtzioanal bat du horretarako Osakidetzak, eta, Murgak azaldu duenez, unitate hori mantentzen duen osasun sistema bakarrenetakoa da.

Diagnostikoaren garrantzia

Murgarekin batera, Marta Pastor Euskalsidako presidenteak hartu zuen hitza atzo, eta biek nabarmendu zuten zer-nolako garrantzia duen diagnostiko goiztiarra egiteak. Iaz detektatu ziren GIB kasuen %51k diagnostiko berantiarra izan zuten, eta immunitate sistema oso erasanda zegoenean detektatu zituzten. Infektatu eta denbora luzera agertzen dira sintomak, eta, beraz, «proba egitera» joateko deia berritu die Euskalsidako arduradunak herritarrei. GIBaren testa farmazietan eta kontsulta espezializatuetan egin daiteke.

Diagnostiko goiztiarrak lortzeko bidean, gizartean dauden estigma eta tabuekin haustea da erronketako bat. Pastorren hitzetan, «gizarteko kolektibo jakin batzuekin» lotzen da askotan GIBaren infekzioa, eta horrek oztopatu egiten ditu bai prebentzioa eta baita diagnosia ere. Hedatutako «beldurrak eta lotsak» ere badute eragina, Euskalsidako ordezkariaren ustez, eta, horregatik, normalizaziorako deia egin du.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

PCR probak egiten, atzo, Ordizian ©Jon Urbe / Foku

Ordiziako fokuan 30 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hamalau positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko 707 PCRren emaitzak jaso dituzte. Beharrezkoa dela ikusiz gero «irmotasunez» arituko direla ziurtatu du sailburuak. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du udalak eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu. Neurriak zorroztuko dituzte arratsaldean.

Testak egiteko asmoz Ordizian atzo ipinitako karpa. ©JON URBE / FOKU

«Nor ez da ibiltzen hor!»

Arantxa Iraola

Zazpi positibori atxikita, ostatu gune batean ibilitako herritarrei testak egin dizkie Osakidetzak: 900 PCR proba egin dituzte, eta negatibo eman dute lehen 91k. Boluntarioa izan da parte hartzea. Ordizia, Beasain eta Lazkaoko eguneko zentroak itxi egin dituzte, eta zahar etxeetan bisitak kendu dizkiete zazpi egunez. Eskualdeko beste zahar etxeetan, halaber, kalera irteteko aukerarik gabe utzi dituzte bertan bizi diren adinekoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna