Protestarako deia

Zarata Woody Allenen filmaren aurka

"Kontzentrazio zaratatsua" egingo dute astelehen honetan Donostian, Woody Allen hiriburuan filmatzen ari den lanaren aurka. Arratsaldez egingo dute, 18:00etan, Kontxako erlojuetan.

Woody Allen, filmaren grabaketan, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 19a
18:35
Entzun

Argudio zerrenda luzea dute deialdiaren sinatzaileek. Nagusiak, bi. Batetik, "hiriaren nazioarteko promoziora zuzendutako egitasmo honek epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi-baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea eragin dezake". Bestetik, "Woody Allen filmaren zuzendaria eraso matxistak egiteagatik salatua izan da". Hala, eta nazioartean hainbat talde eta mugimendu feministak horrela eskatuta, harreman ofizial oro eten beharko litzatekeela iritzi dute sinatzaileek. Hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin, besteak beste: Bizilagunekin plataformak, Ernai gazte antolakundeak, Hotel+Ez mugimenduak, Groseko Asanblada Feministak, Medeak-ek, Donostiako Bilgune Feministak eta Garaipenek.

Filmaren ekoizpenaren atzean dauden bestelako kontuak azaleratu nahi izan dituzte antolatzaileek. Salatu dute Donostian turistifikazio prozesu azkar eta bortitza gertatzen ari dela agintari publikoek gidatuta: "Turista eta inbertsiogileak hirira erakarri nahiaren atzean, prozesu honen bidez etekin ekonomiko erraldoiak lortzen dituztenak daude", diote. Bitartean, sarri ikusezinagoa den bestelako errealitate batean bizi dira herritarrak: "Gehiengoak gero eta zailagoa daukagu Donostian bizitzea: etxebizitzaren prezioa, lan merkatu prekarizatua, kontsumo prezioen igoera…". Helburu komertzial partikularrak gehiegizko pisua duten hiri batean bizi direla diote, hiri markaren eta kulturaren merkantilizazioaren erronka horiek betetzera mugatuta. "Helburu horren mesedetan datorren orori alfonbra gorria jartzen zaio, bertako bizilagunon bizi baldintzen gainetik pasatu behar badute ere".

Erakunde publikoen jarrera salatu dute; izan ere, Woody Allenen lana Donostian filmatzea "Donostiarentzat garrantzitsua" izango dela esanez, "erraztasun guztiak eskaini zaizkio erakunde publikoetatik". Aldiz, Donostiako herritarrek auzolanean antolatzen dituzten egitasmoen inguruan "zailtasun handiak" topatzen dituztela nabarmendu dute, "hauek ez baitira negoziorako tresnak". Horregatik, Donostiara turismo gehiago erakartzeko egitasmo oro bertan behera uzteko eskatu dute. Beldur dira turismoa sustatzeko aurrekontu publiko handiegiek zer ondorio ekarriko ote dituzten. Aldaketa bat galdegin dute, berandu baino lehen: "Aurrekontu publikoa ezabatzea beharrezkoa da, hiriak jasan ezin duen neurritik gora dagoelako, eta atzera-bueltarik gabeko kalteak sortu baino lehen. Desazkunde turistikoa da zentzuzko norabide bakarra gaur egun Donostian".

Halaber, gogora ekarri dute zuzendariak salaketak dituela eraso matxistak egiteagatik. "Woody Alleni egindako harrera salatzen dugu. Eneko Goia alkateak errugabetasun presuntzioa errespetatu behar dela esanez, sexu abusuak egiteagatik salatutako erasotzaile bati sekulako harrera egin zaio." Harrera horrekin mugimendu feministak erasotzaileen aurka egiten dituen lanketak gutxiestea leporatu diote hiriburuko alkateari. Jarrera hori onartezina dela nabarmendu dute: "Ezin dugu onartu egun batean Woody Alleni harrera egitea eta aste berean erasoen aurkako udako kanpaina aurkeztea. Horri zuriketa morea esaten zaio". Harrerarik ez egiteko eta babesik ez emateko eskatu dute: "Egin duten mina aitortu eta erreparatu gabe eraso sexistak egin dituzten erasotzaileak ez dira ongi etorriak, eta, horren aurrean, behar den erantzuna emateko prest egongo gara".

"Donostia ez da pelikula bateko dekoratua, eta donostiarrak ez gara figuranteak. Ezta turistak ere", adierazi dute.  Hiri eredu eta turismo eredu horren kalteak bizilagunek jasaten dituztela azpimarratu dute: "Gure bizimodua, gure bizitzak, daude jokoan". Allenen filmaketa ez ezik, beste hainbat ekintza salatu dituzte, bizikidetzarako bainoago negoziorako eraikitze lanetan dagoen hiri bat helburu: "Gure hiria salgai jartzean, inbertsiogileei, promotore pribatuei eta merkataritza kate handiei mesede egiten dieten erabakiak hartzean, bizilagunen beharrei erantzuten ez dieten Metroaren pasabidearen moduko obra erraldoiak ezartzean edota hotel berriak mugagabe hedatzean, negoziorako hiri bat eraikitzen ari dira".

Woody Allen, jomugatik ihesi

Bederatzi egun igaro dira Allen zinema zuzendari estatubatuarra bere hurrengo lana filmatzen hasi zenetik. Ordutik, ugariak izan dira filmaketaren harira plazaratu diren iritziak eta ikuspuntuak. Allenek, ordea, ez du iruzkin horien gaineko ardura handirik azaleratu. Hilaren 9an egin zuen agerraldia lantaldeak, Donostiako Zinemaldian girotutako filmaren nondik norakoak kontatzeko. Filmaren xehetasunak garatu ondotik iritsi ziren Dylan Farrow alaba adoptatuak haren aurka eginiko sexu-abusu salaketei erreferentzia egiten zioten lehen galderak.

Allenek ez zuen galderarik saihestu. Ez eta gaiari zuzenean heldu ere. Ezetz; hala erantzun zuen galdetu ziotenean ea erretiroa hartzea pentsatu zuen, azkenaldian AEBetan egiten ari zaizkion “boikota” ikusita: "Ez dut erretiroan pentsatu; inoiz ez dut erretiroan pentsatzen. Nire filosofia beti izan da ez didala axola zer gertatzen den. Nire lanean zentratu izan naiz beti, eta horretan jartzen ditut nire indar guztiak, asteko zazpi egunetan. Ez dut mugimendu politiko edo sozialetan pentsatzen, ez nago mentalki hornituta gatazka horien ikuspegi sakon bat izateko. Ez, ez naiz erretiratuko; ziurrenik, film bat muntatzeko prozesuan hilko naiz, edo filmaketaren batean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.