EAko primarioak

EAk bi ildoen arteko adostasunik gabe amaitu du ezohiko batzar nazionala

Hiru puntuko ebazpen bat adostu dute Gasteizen egindako ezhoiko batzar nazionalean, eta irailaren 16ra arte dute epea primarioen prozesua abiarazteko. 81 ordezkarik parte hartu dute: 49k egin dute alde, batek aurka, eta besteek ez dute bozkatu. Kritikoek diote "noraez irrazionala" duela alderdiko zuzendaritzak, eta berehala joko dute auzitara.

EAren ezhoiko batzar nazionala, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maider Galardi
2019ko uztailaren 19a
10:00
Entzun

EAko zuzendaritzako iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, ebazpen bat onartu dute Gasteizen egindako ezhoiko batzar nazionalean, idazkari nagusi berria hautatzeko primarioen prozesua bideratzeko. Ebazpenaren arabera, datorren irailaren 16aren aurretik abiatu beharko litzateke prozesua, eta alderdiko Berme Batzordeari eskatu diote irailaren 6aren aurretik aztertzeko eta argudiatzeko primarioen prozesuari buruz dagozkion ezadostasunak.

Ildo kritikoak, ordea, ohar bidez gaitzetsi du batzarreko ebazpenak ez duela nahikoa babesik, eta salatu du prozesuak ez duela berdintasuna bermatzen hautagai guztientzat. EAren Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako lurralde koordinatzaileek salatu dute "jarduneko idazkari nagusiak eta ingurukoek noraez irrazionalera" eraman dituztela estatutuak. Hortaz, gaur Gasteizen ezhoiko batzar nazionala egin arren, EA barneko bi ildoak adostasunetik urrun daude gaur-gaurkoz. Kritikoek ohartarazi zuten joan den asteartean auzitara jotzeko prest zirela, eta gaur batzarraren ondoren BERRIAri esan diote berehala joko dutela.

Batzarrean EAko ordezkariak izan dira; haiek dute —eta ez afiliatu guztiek— eskubidea bileran parte hartzeko. Denera, 81 kide izan dira batzarrean. Ebazpena bozkatzerakoan, 49k egin dute alde, eta batek, berriz, aurka. Zuzendaritzako kideen arabera, gainontzekoek ez dute bozkatu. Kritikoek, ordea, ohartarazi dute bozketak ez duela nahikoa babesik izan ebazpena aurrera ateratzeko, eta "iruzurtzat" jo dute. Edonola ere, ebazpena onartuta, eta primarioen prozesua irailaren 16aren aurretik hasten bada, azaro erdialderako idazkari nagusi berria hautatu behar luke EAk, bi hilabeteko epa dutelako prozesu guztia bururaino eramateko.

Hain justu, joan den asteartean eman zuten prentsaurrekoa Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoak eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoak aferaz. Primarioen faseari ekiteko alderdiko afiliatuen datu baserako sarbidea eskatu zuten berriro, baita kuota ordaintzetik salbuetsita dauden afiliatuen zerrenda gainbegiratzeko ere.

Datu baserako sarbidearen auzia

EAko barne krisiaren jatorria ez dago afiliatuen datu basearen aferan, baina, orain, hor dute gatazka. Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak joan den ostegunean BERRIAri esan zion "bideratuta" dutela zuzendaritzako kideak afiliatuen datu basera sartzeko prozedura, eta kontu tekniko batzuk konpontzea besterik ez dela falta.

Ildo kritikoak, ordea, jakinarazi zuen afiliatuen datu baserako sarbidea itxita dagoela lurraldeetako koordinatzaileentzat, eta haiei ere badagokiela beharrezko informazioa eskuragarri edukitzea. Lurraldeetako koordinatzaileek badute tokiko afiliatuen datuetarako sarbidea, baina, oraingoz, Euskal Herri osorako ez. Datu guztiak nahi dituzte, baita kontu korronteko gako batzuk ere.

Ildo kritikokoek joan den asteartean egindako agerraldian iradoki zuten kuota ordaintzeaz salbuetsita dauden afiliatuen zerrenda puztuta egon daitekeela Bizkaian. Ruiz de Eginok "kontrasterik egin gabe" halakoak esateak "ezjakintasuna" adierazten duela erantzun zien. Edonola ere, joan den martxoaren 11n ebatzi zuen EAko Berme Batzordeeak zuzendaritzakideek afiliatuen erroldaren berri izateko aukera eduki behar dutela, eta Ruiz de Eginok dio hori betetzen ari direla, eta egokitzen ari direla datu basea.

Gainera, bi aldeek txosten bana egin dute gaiaren inguruan, aholkularitza juridikoko bi enpresei enkargatuta. Zuzendaritzako txostenak dio datu basearen arduradun bat badagoela EAn —Mariano Alava Antolakuntza idazkaria—, eta datuak ezin direla erabili "kudeaketa" lanetarako ez bada. Aldiz, kritikoen txostenak dio zuzendaritzakide guztiek dutela eskubidea datu basera sartzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.