Espainiako gobernuaren osaketa

Sanchezek ez du babes nahikorik lortu inbestidurarako lehenengo bozketan

EAJ eta EH Bildu abstenitu egin dira. Abstentziora jotzea erabaki du Unidas Podemosek ere, ez baitute koalizio gobernurako akordiorik lortu PSOErekin. ERC eta JxC Kataluniako alderdi independentistek Sanchezen hautagaitzaren kontra bozkatu dute.

Pedro Sanchez PSOEko presidentegaia, gaur, Espainiako Kongresuan, bere inbestiduraren eztabaidarako saioan. EMILIO NARANJO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 23a
07:24
Entzun

Sanchezen hautagaitzak aldeko 124 boto jaso ditu, kontrako 170 eta 52 abstentzio. Kontra bozkatu dute PPk, Ciudadanosek, ERCk, JxCek, Voxek, Coalicion Canariak eta Navarra Sumak; baita Irene Montero Podemoseko diputatuak ere. Monterok telematikoki eman du botoa, bozketaren aurretik. Abstenitu egin dira Unidas Podemos, EAJ eta EH Bildu. Sanchezen alde bozkatu dute PSOEko 123 diputatuek eta Kantabriako Alderdi Erregionalistak. Gaurko saioa amaitu ondoren, ERCk zehaztu du ez duela "blokeo" jarrerarik hartuko ostegunean, PSOEk eta Unidas Podemosek akordioa lortzen badute.

Gehiengo osoaren babesa lortu ez duenez, bigarren bozketa egingo da ostegunean —13:30ean hasiko da eztabaida—. Orduan, nahikoa izango du baiezko boto gehiago jasotzea, ezezkoak baino, presidente hautatua izateko. Ostegunean ere babes nahikorik izango ez balu ere, berriz inbestidura saio batera hautagai aurkezteko aukera izango luke, irailera arte behintzat —atzoko egunetik, bi hilabeteko epean—. Sanchezek epe horretan presidente izatea lortuko ez balu, edo bigarren inbestidura bati uko egingo balio, hauteskundeetara deituko litzateke, eta azaroaren 10ean egingo lirateke boz horiek.

PSOEko iturriek jakinarazi dutenez, alderdiko jarraitzaileekin kontsulta bat egingo dute asteburuan, Unidas Podemosekin balizko akordio bat berresteko —alderdiko estatutuetan jasoa duten gisan—. Kontua da ostegunerako behar dutela akordioa, egun horretan egingo baitute bigarren bozketa Espainiako Kongresuan. Kontsulta, izatekotan, aurrez hartutako erabakia berresteko litzateke, beraz.

Aitor Esteban diputatu jeltzaleak goizeko hitzaldian jakinarazi dio Sanchezi abstenitzeko erabakia. Estebanen esanetan, ezin dute Sanchezen hautagaitza babestu, hark ez duelako "ahaleginik egin" EAJren baiezko botoa lortzeko. Estebanen esanetan, "gobernabidearen alde" dauden arren, eta "ardura instituzionalaren pisua" nabaritzen duten arren, gaur abstentziora jotzea erabaki dute.

Estebanek azaldu du hiru bilera egin dituela soilik PSOErekin, inbestidura saiorako babesa negoziatzeko. Lehenengoa, Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariarekin, ekainean; bigarrena, Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordearekin, uztailaren 3an, eta, azkena, "beste pertsona batekin", hilaren 8an. Ordutik, ez da elkarrizketa gehiago izan, Estebanen hitzetan.

EAJko diputatuak aitortu du akordioa lortzeko egoera "konplexua" kudeatu behar duela PSOEk, baina "aukera" gisa hartzeko eskatu dio, eta "beldurrik gabe" aritzeko. Estebanen iritziz, Sanchezek ez du saiatu behar soilik bere izendapena lortzen, akordio sakonagorik ezean jokaleku politikoa hauteskunde aurreko egoera ezegonkorrera itzuliko litzatekeelako. Hori dela eta, Sanchezen izendapenak "politika berri bat" ekarri beharko lukeela esan du, eta orain arte Espainiako Gobernuek heldu ez dieten erronkei heldu beharko liekeela. Abstentzioa era "eraikitzaile" batean ulertzeko eskatu du, eta Unidas Podemosekin akordioa ixtera deitu du.

Dena den, Estebanek argi utzi du PSOEk Unidas Podemosekin akordioa lortuta ere, ondoren EAJrekin hitz egin beharko lukeela. "Ikusi beharko dugu zer-nolako akordioa den", adierazi du. "Podemosek ez du gure izenean hitz egiten".

Estebanek EAJren hainbat eskari gogorarazi dizkio Espainiako jarduneko presidenteari: Toledoko Ituneko akordioa berritzea, Gizarte Segurantzaren eskumena eta Gernikako estatutuko gainerako eskumenak Jaurlaritzaren esku uztea, lan erreforma eta mozal legea aldatzea, industria eta berrikuntza politikak sustatzea, sekretu ofizialen legea gaurkotzea eta estatuko lurralde eredua berritzea.

Sanchezek erantzun du ulertzen duela EAJren harridura, PPri eta Ciudadanosi abstenitzeko eskatu dielako behin eta berriz. Hala ere, argi utzi nahi izan du berak aukera egina duela. "Erabakia hartua dut. Unidas Podemos da lehenesten dudan kidea". Sanchezek, ordea, gaineratu du eskuineko bi alderdi horiek "zeresana" izan behar dutela inbestidura eztabaidan, eta beharrezkotzat jotzen duela PP eta Ciudadanos "ispiluaren aurrean" jartzea.

Unidas Podemosekin akordioa lortzeko ahalegina egingo duela ziurtatu du. "Ez dugu itxaropena galdu akordioa lortzeko", eta prest agertu da, gobernua eratuko balu, "gauza berriak" egiteko. Hala ere, bere jarduna "printzipio eta balio errotuetan" oinarrituta egongo dela ere esan du, "betiere interes orokorraren arabera".

EAJren erabakiak ez du Sanchez ustekabean harrapatu. "Ulertzen dut zuek abstenitu behar izatea". Aitortu du oraindik ez duela lortu gobernu bat eratzeko gehiengorik. Hala ere, Estabani eskatu dio ez argudiatzeko EAJrekin elkarrizketarik izan ez denik. "Azpiegiturak eta eskumenak" hizpide izan dituztela adierazi du. Eskumenen alorrean, Gizarte Segurantzarena da adostasunerako "oztoporik handiena", Sanchezen hitzetan. Estatutua berritzeari ere egin dio aipamena. Sanchezek espero du EAJk PSE-EEren babesa bilatuko duela estatutu berriaren onarpenerako, eta ez duela "gehiegi" sakonduko "identitate gaietan". "Hurrengo lau urteetan berritzea espero dugu", adierazi du.

EH Bilduk ere, abstentzioa

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak iragarri du koalizioa abstenitu egingo dela Sanchezen inbestidurarako bozketan. Aizpuruak ohartarazi duenez, EH Bilduren abstentzioa ez da "txeke zuri bat". Aldiz, "estatu honen arazoak konpontzeko aukera bat" dela nabarmendu du. Konpondu beharrekoen artean aipatu ditu mozal legea eta lan erreforma indargabetzea eta erabakitzeko eskubidea aitortzea.

Diputatuak gogorarazi du EH Bilduren babesa erabakigarria izan zela Sanchezek aurreko legealdian aurkeztu zituen azken dekretuak onartzeko orduan. Koalizioa hurrengo legealdian ere "erabakigarria" izango dela aurreratu du Aizpuruak, eta harrituta agertu da PSOErengandik jaso duen jarrera "apartheid politikoa" izan delako. Aizpuruak gogorarazi du jarrera horrek ez duela inolako justifikaziorik, EH Bildurekin aurretik ere hitz egin eta akordioak lortu dituztelako bai PSOEk, baita PPk ere. Horrenbestez, "herritarrak manipulatzeari utzi" eta estatuak dituen "erronka itzelei" heltzea galdegin dio Sanchezi.

Aizpuruaren esanetan, "trantsizioko erregimena krisian" dago, eta horrek ondorioak ditu arlo ekonomiko eta politikoan. Bigarren trantsizio bat egiteko aukera baztertu dela ziurtatu du, eta konstituzioaren kontrako jarreren alde egin dutela indar nagusiek. Horren adibide, 155. artikuluaren aplikazioa eta buruzagi independentista kataluniarren espetxeratzea.

Espainiako Estatuaren krisia soilik elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez konpondu daitezkeela ohartarazi du Aizpuruak. Adierazi duenez, euskal herritarrek eta kataluniarrek erabaki behar dute zer-nolako harremana izan nahi duten estatuarekin, "elkagune kolektibo bat" ez baldin bada ezegonkortasuna eta gatazka ez direlako gaindituko.

EH Bilduko diputatuak Sanchezi galdetu dio nola erantzungo dien arazo horiei. "Esan genuen sobran genituela ezezkoa emateko arrazoiak, eta hala da oraindik. Unidas Podemosekin akordio batera heltzeko gai ez izateak agerian uzten du gauzak daudenean utzi nahi dituzula". Hala ere, koalizioak Sanchezi "aukera bat" ematearen alde egin du.

ERC eta JxC

Kataluniako alderdi independentistek Sanchezen hautagatzaren aurka bozkatzea erabaki dute. Gabriel Rufian ERCko diputatuak, goizean egin duen hitzaldian, ez du argitu bere taldearen botoa zein izango den, baina kontra egitea erabaki du azkenean. JxCk, berriz, hasieratik utzi du argi ezezkoa bozkatzeko "155 arrazoi" dtuela.

Rufianek Sanchezi ohartarazi dio "arduragabekeria historikoa" litzatekeela berriz bozetara deitu eta eskuinari gailentzeko beste aukera bat ematea. "Ezkerrak bakarrik ordainduko du, banderan duen logoa edozein dela ere". PSOEko hautagaiari eta Unidas Podemosi eskatu die akordio batera heltzea. Hori lortzen badute, inbestidura ahalbidetuko dutela zehaztu Rufianek du gaurko saioa amaitu ondoren.

ERCk elkarrizketara deitu du Sanchez. "Nire eskaintza gaur hemen hau da: elkar ulertu dezagun". Elkarrizketa mahai batean esertzeko eskatu dio PSOEri, eta Katalunian ere beste elkarrizketa mahai batean parte hartzeko eskatu die alderdi espainiarretako ordezkari kataluniarrei. Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak Pedralbeseko bileran sinatu zuten adierazpenaren garrantzia nabarmendu du Rufianek, eta bilkura horretako adierazpena berreskuratzea proposatu du.

Sanchezek erantzun du Kataluniakoa ez dela independentziaren inguruko arazo bat, "elkarbizitza arazoa" baizik. Hori dela eta, Katalunian elkarrizketa bultzatzeko eskatu dio ERCri. Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa abiatu aurretik, kataluniarren gehiengoa bilduko duen "zeharkako akordioa" lortzea beharrezkotzat jo du Sanchezek, ordezkari kataluniarrek Kataluniako gizarte osoaren izenean hitz egin ahal izateko.

Rufianek erantzun dio akordio hori existitzen dela jada. "Kataluniako herritarren %80k bozkatzea eskatzen dute". Rufianek gaineratu du galdetaren aldekoak direla herritar independentistak eta independentziaren kontrakoak. "Demokratak dira".

Sanchezek azken txandan adierazi du bera elkarrizketarako prest egongo dela, badin eta elkarrizketa hori Espainiako Konstituzioaren eta Kataluniako estatutuaren barnean garatzen bada.

Laura Borras JxCko bozeramaileak bere taldearen ezezkoa iragarri du. Haren esanetan, "155 arrrazoi" dituzte Sanchezen hautagaitzaren kontra bozkatzeko. Borrasek salatu du Sanchezek "gobernatu" egin nahi duela, "baina entzun ez", eta horregatik saiatu dela balizko kideak "umiliatzen".

Kongresuko lau eserleku hutsak espetxean dauden buruzagi independentista kataluniarrenak direla gogorarazi du Borrasek, eta salatu egin du Espainiako Estatuaren "jazarpena, Kataluniako finantzen gaineko kontrola" eta hainbat erakunde eta buruzagi kataluniarren gaineko "espioitza". Horregatik guztiagatik, ezezkoa bozkatuko dutela jakinarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.