Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

PPren eta Ciudadanosen botoekin hautatu dute Maroto Gaztela eta Leongo senatari

Gasteizko alkate ohiak ez zuen Espainiako Kongresurako eserlekua lortu Araban, eta Gaztela Leongo senatari autonomiko hautatu dute gaur. Bigarren itzulian egin du aurrera haren hautagaitzak, PPren eta Ciudadanosen botoekin.

ablo Casado PPko presidentea, Javier Maroto eta Iñaki Oiartzabal Gaseizen, larunbatean. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko uztailaren 23a
13:13
Entzun

Pablo Casado PPko buruak eman zion bigarren aukera, eta, gaur, bigarren itzulian aukeratu dute senatari Javier Maroto —Gaztela eta Leongo (Espainia) senatari autonomiko, zehazki—, boto bakarraren aldearekin. Gasteizko alkate ohi eta PPko idazkariorde nagusiak ez zuen eserlekurik lortu Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, baina Senatuan izango da hala ere. Lehenengo itzulian, abstenitu egin da Ciudadanos, baina bigarrengoan 40 baiezko jaso ditu Marotok —PP eta Ciudadanosenak—, eta 39 ezezko —PSOErenak eta talde mistoko lau kiderenak—.

Egoera bitxi bat ere eragin du Marotoren hautagaitzak Gaztela eta Leongo parlamentuan; PSOEko ordezkariek beren alderdiko bi hautagaien aurkako botoa eman dute. Izan ere, bozketa bakarra egin dute hiru hautagaiekin —Maroto (PP) eta PSOEko biak—, eta beren buruaren aurkako botoa eman dute Teresa Lopezek eta Francisco Diazek. Hala ere, azkenean, hautatuak izan dira, PPren eta Ciudadanosen botoekin. Luis Tudanca PSOEren bozeramaileak eskertu egin die "eskuzabaltasuna" alderdikideei, haren esanetan "onartezina" delako Maroto Gaztela eta Leonen ordezkari izatea.

Parlamentuko bozketen ondoren, Marotok eskerrak eman dizkio Ciudadanoseko buru Javier Igeari, "PSOE osoak baino arduratsuago" jokatzeagatik. Senatariak ziurtatu du "orain arte baino gehiagotan" joango dela Gaztela eta Leonera.

Senatari izateko, Segovian erroldatu behar izan du Marotok. Gainera, Gasteizko alkate ohiak hainbatetan nabarmendu izan du Arabatik hurbil sentitzen dela. Martxoaren 15ean, kanpainaurre giro betean, honako hau adierazi zuen Marotok bere Twitter kontuan: "Nire lurrarengatik aurkezten naiz hauteskundeetara. Beti nire lurrarengatik, beti Gasteizengatik eta Arabarengatik. Konplexurik gabe defendatzen beti. Orain ere bai. Elkarrekin. Batuta".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.