Donostia

Protesta zaratatsua, Woody Allenen filmak eragin ditzakeen "kalteez" ohartarazteko

Dozenaka lagun bildu dira Donostiako Kontxako pasealekuan, "hiriaren nazioarteko promoziora zuzendutako egitasmo honek epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea" eragin dezakeela-eta. Gainera, Allen eraso matxistak egiteagatik salatua izan dela azaldu dute.

Proesta zaratatsua, gaur, Donostian.
Proesta zaratatsua, gaur, Donostian. Gorka Rubio/Foku

Berria -

2019ko uztailak 23

Askotariko aldarriak eraman dituzte gaur Woody Allen zine zuzendaria filmatzen ari den ingurura. Protesta zaratatsura deitu zuten zenbait eragilek, nagusiki, proiektuaren atzean dagoen turismo eredua salatzeko, eta gogora ekartzeko "Allen eraso matxistak egiteagatik salatua" izan dela. Donostia ez dago salgai; Turistifikazioari ez; Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu eta antzerako leloak erakutsi dituzte manifestariek, autodefentsa feministaren aldeko mezuez gain. Zarata egin dute, eta ikurrinak, Nafarroako banderak, euskal preso eta iheslarien aldeko zapiak eta mugimendu feministaren bandera moreak erakutsi dituzte.

Atzoko egin zuten lehen deialdia, baina gaur egin dute elkarretaratzea azkenean, 18:00etan, Ez gara figuranteak lelopean. Denboran ez du bat egin, ordea, Allenen filmerako grabazioekin —18:00ak aurretik bukatuak zituzten lanak—. Bizilagunekin plataformak, Ernai gazte antolakundeak, Hotel+Ez mugimenduak, Groseko Asanblada Feministak, Medeak-ek, Donostiako Bilgune Feministak eta Garaipenek egin dute bat ekitaldiarekin, "hiriaren nazioarteko promoziora zuzendutako egitasmo honek epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea" eragin dezakeela ohartarazteko.

"Turista eta inbertsiogileak hirira erakarri nahiaren atzean, prozesu honen bidez etekin ekonomiko erraldoiak lortzen dituztenak daude", nabarmendu zuten agiri batean. Bitartean, sarri ikusezinagoa den bestelako errealitate batean bizi dira herritarrak: "Gehiengoak gero eta zailagoa daukagu Donostian bizitzea: etxebizitzaren prezioa, lan merkatu prekarizatua, kontsumo prezioen igoera…".