Euskal presoak

Helene Davok Frantziako Justizia Ministerioa utzi du

Euskal presoen auzia bideratzeko Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin biltzeko ardura izan du, duela bi urtetik. Le Monde egunkariak iragarri zuen hainbat kide irtengo zirela Nicole Belloubet ministroaren kabinetetik, eta horietako bat Davo dela baieztatu du Mediabask-ek.  

Helene Davo, iazko urrian, Madrilen, ETAren bukaeraz Espainiak eta Frantziak egindako ekitaldian. MARISCAL, EFE
2019ko uztailaren 24a
15:26
Entzun

Orain bi urte hasi zen Davo Ipar Euskal Herriko ordezkariekin biltzen —Euskal Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarairekin, Vicent Bru diputatuarekin, Mixel Berhokoirigoin bakegilearekin eta Anaiz Funosas Bake Bideko presidentearekin— Frantzian dauden euskal presoen auzia bideratzeko. Ordutik, 27 euskal preso hurbildu dituzte Euskal Herrira, Mont-de-Marsango eta Lannemezango espetxeetara (Okzitania). Oraindik, ordea, hainbat auzi dituzte konpontzeko.

2018ko abenduan Davok adierazi zuen euskal presoen hurbilketaren aferan muga jo zuela Frantziako Justizia Ministerioak. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak, berriz, harremanak "etenda" zeudela salatu zuen. Aurtengo urtarriletik aurrera bideratu zen berriro ere elkarrizketa, eta, ordutik, beste hamar euskal preso hurbildu dituzte. Besteak beste, Mikel Karrera, Aitzol Iriondo eta Garikoitz Aspiazu hurbildu dituzte, nahiz eta Davok esan zuen ebazpen judizial baten ondorioz gerturatu zituztela.

Oraindik, ordea, hitzartutako hainbat gairi ez die heldu Justizia Ministerioak. Bost euskal preso gizonezko falta dira hurbiltzeko gaur-gaurkoz. Maiatzean atxilotutako Josu Urrutikoetxea ere Euskal Herritik urrun dago preso: Parisen. Bestalde, bederatzi emakume presoen afera bideratzeko dago: oraingoz, Reauko, Rennesko eta Roanneko espetxeetan daude, eta ez dago Euskal Herritik gertu espetxerik andreak atxikitzeko. Gainera, badira oraindik ere DPS estatusa jarria duten presoak, eta orain gutxi ez dute ahalbidetu Frederique Haranbururi eta Lorentxa Beryeri baldintzapeko askatasuna —epaileak aldeko ebazpena kaleratu arren, berehala jarri zuen helegitea prokuradoreak, eta, oraingoz, preso segitzen dute—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.