Arkeologia

Terma erromatarrak, Pirinioen magalean

Aranzadi zientzia elkartea, Londresko Arkeologia Museoarekin elkarlanean, indusketa arkeologikoa egiten ari da Auritzen (Nafarroa). Aurreko urteetan atzemandako eraikin bat terma gisa erabilia izan zela ondorioztatzen dituzten aztarnak aurkitu dituzte, baita harri batean grabatutako irudi bat ere. Itxura antropomorfoa du, T eta E letrak agertzen dira, eta, lehen zantzuen arabera, "berezia" da.

joxerra senar
2019ko uztailaren 24a
22:32
Entzun

Lau hektarea eta erdiko eremua ere izan zen Auritz eta Aurizperri arteko Zalduako eremuan ezarritako kokagune erromatarra. Guztira, lau mende inguru iraun zuen hirigune hark. Egungo Donejakue bidearen inguruan Pirinioak zeharkatzen dituen galtzada erromatarrari segika, 2012an atzeman zituzten kokagune horren lehen aztarnak Juan Mari Martinez Txoperenak eta Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek.

Geroztik, lehen fase batean, egun lur azpian dagoen kokagune horren mapa moduko bat osatu da, prospekzio arkeologikoen bidez. Ondoren, 2014tik uda oro, hiru astez indusketa zehatzak egin dituzte Zalduako belardian eta lurpetik argipera atera dituzte aztarna ugari. Hala, 2017an, kokagune hura zeharkatzen zuen galtzada eta haren bi aldetan garaiko zurezko etxe bat eta harrizko eraikin baten arrastoak topatu zituzten.

Egitura harrizkoa izateak aditzera eman zien eraikin garrantzitsua izan zitekeela. Horregatik, iaz, eraikin horren inguruan zabaldu zuten indusketa, eta hura zertarako erabil zitekeen hainbat hipotesi landu zituzten. Aurten, bide beretik jarraitu dute, baina lehen mende eta laugarren mende bitarteko aztarnei esker ondorioztatu dute eraikin hark "bainuetxe erromatar" gisa funtzionatu zuela. "350 urte horietan eraikinak bizitza eta eraldaketa ugari izan ditu, eta hori dela-eta ez dakigu urte horietan guztietan termak izan ziren, baina bai gutxienez hainbat fasetan bainuetxe publikoa izan zela". azaldu du Oihane Mendizabal Aranzadiko ikerlariak.

Izan ere, bainuetxeko ura eta aretoa berotzeko erromatarrek erabili ohi zuten hipokausto izeneko berogailu sistemaren arrastoak topatu dituzte: Igerilekuaren behean, ondoko labe batetik zetorren aire beroa mugitzeko hutsunea sortzen zuten erromatarrek, eta hutsunea metro erdi inguruko zutabetxo batzuren bidez sostengatzen zuten. Era berean, airea behetik gora mugitzeko horman, beste hutsune txiki bat eratzen zuten. Hala, bai borobil zein karratu itxurako adreiluak aurkitu dituzte, eta horri esker jakin dute hipokaustoko egituretarako erabili zirela. Hipokaustoaren tesi hori indartzeko, adreilu karratuak bere tokian aurkitu dituzte, eta zoruan markak zituzten, gainera.

Itxura antropomorfoa

Indusketak egiten dituzten bakoitzean, garai hartako bizimoduaren berri ematen dituzten arrasto ugari aurkitzen dituzte ikerlariek. Aurten, froga horien artean, harri berezi bat topatu dute. Modu lausotuan bada ere, harriaren alde batean irudi antropomorfoa duen grabatu bat ageri da, eta azpian, hiru hizki: T, E eta hirugarren letra baten forma. Mendizabalen arabera, oraindik goiz da inongo ondoriorik ateratzeko, baina Aranzadik kontsultatuko adituen arabera, "berezia da". Nafarroan bertan, "hatzarekin zenbatu daitezke" halako grabatuak. Orain, sakon aztertuko dute harria, eta hark eman diezazkieke hainbat erantzun.

Indusketak aurrera egiteko, eta urteotan egindako aurkikuntza guztiekin aurrera jarraitzeko finantzaketa behar dela nabarmendu du Aranzadik. Hala, Aurizko Udalak emandako laguntza eskertu du. Urteotan Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dute indusketek.

Oraindik lan handia geratzen da egiteko, eta, besteak beste, kokagune erromatar horren izena argitzea falta da. Aranzadiko ikerlarien arabera, ezin zehaztu daiteke oraindik orain hirigune horren izena: garaiko idatzietan aipatzen diren Summun Pirineum edo Iturissa izan daiteke.

Halaber, bainuetxe gisa identifikatu den eraikin horrek galdera ugari utzi ditu erantzuteko. Indusketak zabaldu ahala, ikusi beharko da terma erromatarren beste aretoetako aztarnak agertzen diren, edo beste garai batean izandako funtzioaren berri emango luketen beste arrastoak agertzen diren. Era berean, prospekzio arkeologikoek aditzera ematen dute lau hektareako eremuan eraikin handi gehiago bazeudela, eta ikertzeko dago haien funtzioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.