Nafarroako egoera

EH Bilduren mahai politikoak proposatu du Txibiteren inbestidura ahalbidetzea

Militanteek dute azken hitza, baina eztabaida horri begira, koalizioaren mahai politikoak jokaleku desberdinak aztertu ostean, uste du balizko gobernuaren politiketan eragiteko aukera ematen diela

Bakartxo Ruiz, EH Bilduko parlamentaria, artxiboko argazki batean. JESUS DIGES, EFE
joxerra senar
2019ko uztailaren 27a
22:18
Entzun

EH Bildu azken asteetan barne eztabaida sakonean murgilduta dago, eta azken hitza militanteek izango dute Txibiteren inbestidurara begira zer egin. Asteotan, PSNk gobernua osatzeko negoziazioetatik kanpo utzi du koalizio abertzalea, baina, 23 parlamentariren babesa soilik duenez, EH Bilduren abstentzioa ezinbesteko du inbestidura aurrera ateratzeko.

Kontsulta lotesle baten bidez finkatuko da inbestidura saioko koalizioaren behin betiko posizioa. "Galdera argia eta zehatza izango da, oraintxe dauden bi aukerak garbi utziz: abstentzioa edo ezezkoa". Nafarroako EH Bilduk prentsa ohar bidez eman du horren berri, baina oraindik ez du zehaztu noiz egingo den galdeketa. Horri begira, EH Bilduk azaldu du parte hartu ahal izateko galdeketan izena eman beharko dela aurretik, eta EH Bilduren hainbat egoitza prestatuko dira bozketa presentziala egin ahal izateko.

Sozialistek apartheid politika ezarri arren, Nafarroako EH Bilduren mahai politikoak militanteei proposatu die inbestidura ahalbidetzea, "beharrezkoak diren abstentzioekin". Hegoaldeko mahai politikoak ere bat egin du posizio horrekin. "Agertoki guztiak aztertu ondoren, bakoitzak dituen arriskuekin, gure proiektua aurrera eramateko eskaintzen dituen aukerarekin, jartzen dizkigun oztopoekin eta bakoitzean gure jarduera garatzeko izango genukeen gaitasun eta baldintzekin, mahai politikoak proposatzen du koalizio gobernuari bide ematea".

EH Bilduren ustez, giltzarri da erregimenari “berrosatzeko aukerarik ez ematea”, eta inbestiduran hori eragotzi behar da. Halaber, koalizioaren ustez, akordiorako oinarriaren edukia ikusita, “aldaketaren legealdian egindako urrats batzuk ez lirateke galduko, edo ez guztiz behintzat”. Koalizioak onartu du akordiorako oinarriaren edukian “orokorkeria gehiegi eta zehaztasun gutxi” agertzen direla. “Atal batzuetan atzera egiten du nabarmen ere, baina orokorrean anbiguotasuna da nagusi”.

Hala izanik, arriskua hartuko da, baina EH Bilduk uste du beste gako bat dela kanpotik gobernua baldintzatzeko ahalmena izan dezakeela. “Bere politikak egiteko gure bozen beharra izango luke, ez soilik inbestidura saioan, baizik eta legealdian”. EH Bilduren ustez, horrek “eragin ahalmen eta joko handia” emango dio.

Arriskua hartuagatik ere, gobernuarekiko ez du konpromisorik eta “eskuak libre” lituzke ere bere programaren eta nafar gizartearen beharren arabera proposamenak egiteko. “Aukera emango digu gure profil propioarekin aritzeko eta ezkerreko alternatiba gisa gure erreferentzia indartzeko”.

EH Bilduk oinarri sozialari dei egin dio galdeketan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.