Migratzaileak

Urtarriletik 1.487 lagun artatu ditu Irungo Harrera Sareak

Elkarteak salatu du Frantziako Gobernuak migratzaileak "legez kanpo" kanporatzen jarraitzen duela, azkena joan den asteartan bertan.

jarraia169394.jpg
arantxa elizegi egilegor
2019ko uztailaren 27a
17:29
Entzun

Urtea bete duela ospatzeko gosari solidarioan antolatu du Irungo Harrera SareakĀ  San Juan plazan. Europarako bidean Irundik igarotzen diren migratzaileei laguntzeko sortu zuten elkartea duela urtebete, eta horretan jarraitzen dute egun ere. Urtarrilaz geroztik, 1.487 migratzaile artatu ditu sareak; horien artean, 95 adingabeak eta 129 emakumezkoak.

Irunera heltzen direnetatik gehienak Afrikako herrialdeetatik datoz, eta Europa iparraldea dute helburu. Bidaia horretan, ordea, Espainiako eta Frantziako migrazio politikekin egiten dute topo. Erakundeak salatu duenez, Parisek aurrera jarraitzen du "legez kanpoko" kanporatzeekin. Horietatik azkena joan den asteartean egin zuten. Frantziako segurtasun indarrek bi emakume atzeman zituzten Bordelen, eta Irunera eraman zituzten, "legeak ezarritako tramite bakar bat ere bete gabe".

Elkarteak salatu du, halaber, Irungo Udalak migratzaileei oinarrizko arreta eskaintzeko aterperik eskaini ez izana, eta gogorarazi du migratzaileen egoera oso ahula dela, besteak beste, bidaia seguru bat egin ahal izateko baimenak ukatzen zaizkielako.

Irungo Harrera Sareak iragarri du elkarteak G7koen aurkako biltzarrean parte hartuko duela, datorren abuztuaren amaieran, eta parte hartzeko deia helarazi die herritarrei ere. "Pertsonen eta planetaren aurka doan sistema bati aski da esateko garaia da. Ahulenetatik hasi dira, baina horiek ez dira bakarrak izango".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.