Nafarroako inbestidura

"Ezberdintasuna errespetatzeko konpromisoa" izango du ardatz Txibitek

Gehiengo osorik ez duela izango aitortu du PSNkoak inbestidura saioko hitzaldian, baina esan du "eraiki ahal izan den gehiengorik osoena" duela "ezkerraren eta nazionalismoaren arteko akordioak".  

Hodei Iruretagoiena.
2019ko abuztuaren 1a
07:08
Entzun

"Nafarroa plurala da, eta aniztasun horrek eskatzen ditu ezberdinen arteko akordioak aurrerabide bat eta oparotasun bat lortzeko, aukera berdintasunean nahiz lurralde eta gizarte kohesioan aurrera egiteko, berrikuntza garapenerako ardatz hartuta". Halaxe aurkeztu du hautagaitza Maria Txibitek Nafarroako Parlamentuan, inbestidura saioko hitzaldian. "Ezberdintasuna errespetatzeko konpromisoa" hartu du PSNkoak, "interes orokorra" defendatzekoa. Alderdiek adierazitakoa aintzat hartuz gero, jakina da parlamentuak atzera botako duela gaur Txibiteren hautagaitza; EH Bilduren abstentzioa behar du Txibitek, eta boto hori emango dute subiranistek, baina bigarren itzulian —bihar—. Haien beharra zuela jakinik ere, PSNkoak ez du EH Bildurekin hitz egin nahi izan.

Gehiengorik ez duela aitortu du, baina Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin sinatutako akordioa goraipatu du Txibitek. "Eraiki ahal izan den gehiengorik osoena" dela esan du, eta "oinarririk onena" horixe izango duela gobernuak, "edukien inguruko akordio" bat. Eduki horiek onartzeko "egunez egun, adostasun zabalak" bilatuko dituztela azaldu du: "Ezkerraren eta nazionalismoaren arteko akordio baten aurrean gaude, eta hori ez da berria, ez Espainian, ez Nafarroan. Beste erakunde batzuetan ere gertatu da, eta erakutsi da eraginkorra dela partaideak zentralitate politikoan kokatzen direnean, zentralitate horrek aniztasuna islatzen duelako, baina badakielako ezberdintasunak alde batera uzten".

Navarra Sumak hartutako jarreraren aurka ere hitz egin du Txibitek, haiek zuzenean aipatu ez arren. "Desastrearen guruei" ohartarazi die aldatu egin beharko dutela diskurtsoa gobernua osatu ondoren, Nafarroa "anitza" delako, eta eskatu die ez erabiltzeko aniztasun hori "arma" modura: "Nafarroa beti izan da horrelakoa, eta hala izango da aurrerantzean ere".

Laukoaren akordioa xehatu du ondoren Txibitek. Haren hitzetan, gobernuak hiru helburu izango ditu: garapen ekonomikoa, autogobernuan aurrera egitea "leialtasun instituzionaletik" eta desberdintasunren aurkako politikak. Helburu horiek hamar ardatzetan egituratuko ditu gobernuak.

Hizkuntz politikan, "kontsentsua" ardatz

Ekonomiaren arloan, enpresen digitalizazioari garrantzi berezia eman dio Txibitek. Eragile ekonomikoen eta sozialen arteko adostasuna landu beharra ere nabarmendu du, eta zerbitzu publikoen aldeko apustua egingo duela ziurtatu du, "unibertsaltasuna, kalitatea eta berdintasuna" ardatz hartuta. Azpiegiturei dagokienez, Nafarroako Ubidearen lehen fasearen zabaltzea eta bigarrena amaitzeko asmoa agertu du, eta aireportua eta errepideak hobetzekoa.

Aurreko legealdian onartutako Udal Maparen inguruan ere aritu da Txibite; "adostasun handiagoak" behar dituela esan du —aurreko legealdian onartu zuten—. PSNkoaren ustez, "ezin du gehiengo batzuen menpe geratu". Hizkuntz politikari dagokionez, "kontsentsua", hitz horixe erabili du Txibitek bere jarrera definitzeko. Esan du euskarak "adostasun zabala" behar duela, eztabaida alderdikoiak alde batera utzita. Oinarri gisa hartuko dute 1986ko Euskararen legea, eta euskararen bigarren plan estrategikoa landuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.