Migrazioa

Europako Batzordeak adierazi du estatuei dagokiela migratzaileak lehorreratzeko neurriak hartzea

Batzordearen esanetan, irtenbidea estatuen "borondatearen araberakoa" da. Nabarmendu du Bruselak "ezin duela ezer egin" etorkinak hartzeko, ez duelako horretarako eskumenik. Open Arms eta Ocean Viking ontziek 507 migratzaile dituzte barruan, portu batera sartzeko baimenaren zain.

'Ocean Viking' ontziak astelehenean erreskatatu zituen 105 migratzaileak, Libiako kostaren barean, kautxuzko ontzi batean.
'Ocean Viking' ontziak astelehenean erreskatatu zituen 105 migratzaileak, Libiako kostaren barean, kautxuzko ontzi batean. Hannah Wallace Bowman/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko abuztuak 13

Europako Batzordeak adierazi du ezin duela "ezer ere gehiago egin" orain arte egindakotik harago, azken egunetan Mediterraneoan erreskatatu dituzten ehunka migratzaileak portu seguru batean lehorreratu daitezen. Batzordearen esanetan, EB Europako Batasuneko estatuei dagokie "elkartasun ahalegina" egitea egoerari irtenbidea emateko. Batzordeak nabarmendu du ez duela eskumenik Mediterraneoan erreskatatutako 507 migratzaileek non porturatu behar duten erabakitzeko. Horrez gain, adierazi du oraingoz batasuneko estatu bakar batek ere ez diola eskatu koordinazio lanak abiatzeko.

Nazioarteko uretan eta portu seguru batean lehorreratzeko zain jarraitzen dute Open Arms GKEaren ontziak eta Ocean Viking SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEen ontziak. Lehenengoak 151 migratzaile ditu barruan, eta bigarrenak, 356. Horietako 105 atzo erreskatatu zituen.

Europako Batzordeak adierazi du "gertutik" ari dela erreparatzen migratzaileen egoerari, eta "harreman estuan" dela EBko estatu kideekin. Beste behin ere, "elkartasuna" adieraztera eta "irtenbide azkar bat" ematera deitu ditu estatuak. Batzoreak nabarmendu du estatuen esku dagoela arazoari konponbidea ematea. "Irtenbide bat aurkitzea elkartasun ahaleginetan parte hartzeko estatuen borondatearen menpe dago. Ez dugu eskumenik erabakitzeko lehorreratze lekuek zein izan behar duten edota bilaketa eta erreskate lanak koordinatzeko", adierazi du Vanessa Mock batzordeko bozeramaileak.

Estatuak migratzaileak hartu eta horiek banatzeko prest agertuko balira, egon daitezkeen aukerak aztertzen ari dela azaldu du Mockek. Oraingoz, baina, estatu bakar batek ere ez du eskatu batzordearen koordinazioa gisa horretako neurriak hartzeko.

EFE albiste agentziak adierazi duenez, batzordeko iturriek gogorarazi dute Espainia erreskatatutako migratzaileak hartzeko prest agertu zela iazko ekainean eta uztailean, eta hainbat migratzaile Frantziara lekualdatzeko gertu izan zen Paris ekaineko aldian. Iturriek nabarmendu dute bi kasu horietan ez zela Europako Batzordearen koordinaziorik izan.

Halako irtenbide baten guztiz kontrako agertu da Matteo Salvini Italiako Barne ministro eta Lega Nord eskuin muturreko alderdiaren burua. Salvinik adierazi du migratzaileak Italian porturatzea eragozteko "lanean" ari dela, eta Open Arms ontziari Espainia aldera joateko esan dio. Ocean Vinking ontziari dagokionez, adierazi du Libia prest agertu dela bere portu batean lehorreratzea baimentzeko. Libia gerran dago 2011 urteaz geroztik, eta, beraz, nazioarteko hainbat erakundek ohartarazi dute ezin dela portu segurutzat hartu.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, berriz, Espania, Italia eta Malta interpelatu zituen asteburuan, irtenbide eske: "Eskualdeko herrialdeei eskatzen diegu pertsona guztiak lehorreratzeko, eta babesa behar dutenei asilorako aukera emateko".