Hondartzak

Bainatzea baimendu dute Getarian, Zumaian eta Mutrikun atzotik bandera gorria zuten hondartzetan

Uraren kalitate txarra dela eta, bainatzea debekatuta egon da atzotik Gipuzkoako hiru hondartzatan: Getariako Gaztetapen, Zumaiako Santiagon eta Mutrikuko Saturraranen. Uraren kalitateak hobera egin duenez, kendu egin dute debekua. Eako hondartzako uretan, berriz, bandera gorria jarri dute.

Getariko Gaztetape hondartza (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean.
Getariko Gaztetape hondartza (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. Gorka Rubio/Foku

Berria -

2019ko abuztuak 14

Gaur goizean ere bandera gorria zuten, atzo bezala, Getariako Gaztetape, Zumaiako Santiago eta Mutrikuko Saturraran hondartzek. Urak, ordea, hobera egin du azken orduetan, eta horri esker eman dute erakundeek bainatzeko baimena. Hondartza horietan E.coli bakterioen kopuru handia atzeman zuten atzo egin zituzten azterketetan.

Bizkaiko kostaldean atzeman dute orain E.coli bakterio kopuru gehiegizkoa; zehazki, Eako hondartzan. Segurtasun neurri gisa, Ean bainatzea debekatu dute.

Zumaiako hondartzan uraren kutsadurak gehieneko kopuruak gainditu zituela jakinarazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur goizean, uraren kalitatea neurtzeko azterketak egin dituzte berriz, eta bainatzeko debekuari eutsi diote hasieran, baina gero baimentzea erabaki dute, goizean uraren kalitateak hobera egin duela ikusita.

Getariako Gaztetapen ere uraren kalitatea txarra zela adierazi zuen atzo Gurutze Gorriak, eta arratsalde hasierara arte bainatzea debekatuta egon da hondartza horretan ere, atzoz geroztik. Arrazoi berarengatik, Mutrikuko Saturraranen bandera gorria izan dute atzotik gaur arratsalde hasierara arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna