Gaur goizean ere bandera gorria zuten, atzo bezala, Getariako Gaztetape, Zumaiako Santiago eta Mutrikuko Saturraran hondartzek. Urak, ordea, hobera egin du azken orduetan, eta horri esker eman dute erakundeek bainatzeko baimena. Hondartza horietan E.coli bakterioen kopuru handia atzeman zuten atzo egin zituzten azterketetan.
Bizkaiko kostaldean atzeman dute orain E.coli bakterio kopuru gehiegizkoa; zehazki, Eako hondartzan. Segurtasun neurri gisa, Ean bainatzea debekatu dute.
Zumaiako hondartzan uraren kutsadurak gehieneko kopuruak gainditu zituela jakinarazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur goizean, uraren kalitatea neurtzeko azterketak egin dituzte berriz, eta bainatzeko debekuari eutsi diote hasieran, baina gero baimentzea erabaki dute, goizean uraren kalitateak hobera egin duela ikusita.
Getariako Gaztetapen ere uraren kalitatea txarra zela adierazi zuen atzo Gurutze Gorriak, eta arratsalde hasierara arte bainatzea debekatuta egon da hondartza horretan ere, atzoz geroztik. Arrazoi berarengatik, Mutrikuko Saturraranen bandera gorria izan dute atzotik gaur arratsalde hasierara arte.