Kirola

Erremonte txapelketa


Buruz Buruko Kutxabank Torneoa

Urrizak irabaziz hasi du txapelaren defentsa

Azken urteotako txapeldunak 30-18 gainditu du Ansa II.a finalerdietako ligaxkaren lehenengo partidan.

Urriza da aurten ere txapela irabazteko faborito.
Urriza da aurten ere txapela irabazteko faborito. Maialen Andres

Iñigo Goñi Iradi -

2019ko abuztuak 18

Urrizak ezin hobeto hasi du Buruz Buruko Kutxabank Torneoaren txapelaren defentsa, Ansa II.a 30-18 garaitu baitu. Jaun eta jabe izan zen aurrelari nafarra, eta eroso aritu zen estreinakoan. Defentsan maisua dela erakutsi zuen berriz ere, eta, erasoan aukera duenean, tantoak amaitzeko erraztasun handia du buruz buru. 

Ansa saiatu zen, baina atzean geratu zen hasieratik. 11-2 aurreratu zen Urriza, eta urnietarrak arazoak izan zituen aurkariaren sakearekin. Bost tanto egin zituen txapeldunak lehenengoetan, eta ongi hastea garrantzitsua izan zen aurreneko partidako urduritasuna alboratzeko. 

Hala ere, Ansa sakea hartuta lau tantora hurbildu zen, 19-15, baina ez zituen askoz ere tanto gehiago egin. Defentsan oraindik ere hobetu behar duela ikusi zen, baina bere dohainak erakutsi zituen piloteoan. 18 tantorekin, puntu negatiboa saihestu zuen zerorekin geratuz. 

Urriza sendo eta eroso aritu zen, partidu guztian akats bakarra egin baitzuen: sakearekin falta bat. Lau puntu batu ditu garaipenarekin, eta finalerdia ia ziurtatu du. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna