Indarkeria matxista

G7 Ez plataformak jakinarazi du sexu eraso bat izan dela G7koen gailurraren aurkako kanpalekuan

Sare sozialen bitartez salatu du sexu erasoa. Gertaturikoa "onartezina" dela nabarmendu du. Asteazkenean hasiko da kontragailurra; han egingo diren ekintzetan parte hartzeko bildu dira militanteak kanpalekuan.

G7aren aurkako kanpalekuaren sarrera, Hendaian.
G7aren aurkako kanpalekuaren sarrera, Hendaian. GuiIlaume Fauveau

Nagore Arin -

2019ko abuztuak 20

Kontragailurraren antolatzaileek jakinarazi dutenez, sexu eraso bat izan da G7koen gailurraren aurkako kanpalekuaren eremuan. Atzo izan zen erasoa, “G7koa eta haren munduaren aurka mobilizatzera etorri eta etorriko diren lagunak aterpetuko diren” lekuan, hain zuzen ere.

Twitter sare sozialean eman du erasoaren berri G7 Ez plataformak. Haien hitzetan, "onartezina" da horrelako eraso bat eremu horretan gertatu izana. Hala, eraso hori "fermuki salatzen" dutela nabarmendu dute, baina ez eraso hori soilik; edozein erasoren kontra jarrera irmoa izango dutela azpimarratu dute antolatzaileek: "G7 Ez plataformak ez du inongo erasorik onartuko".

Datorren ostiraletik astelehenera G7koek Miarritzen egingo duten goi bileraren aurka antolatu dute kontragailurra, Alternatives G7 plataformarekin batera. Goi bilera horretan batzartuko dira Alemaniako, Kanadako Ameriketako Estatu Batuetako, Frantziako, Italiako, Japoniako eta Erresuma Batuko agintari politikoak. Hain justu, gailur hori salatzeko asmoz antolatu dute jarduna. Asteazkenetik aurrera izango da, igandera arte.

Hasi bitartean, jendea kanpalekuan biltzen hasia da. Atzo iritsi ziren lehenak: ehun militante inguru Urruñako kanpalekura joan ziren, Hendaian. Kontragailurra prest izateko azken zereginak egitera eta azpiegiturak egokitzen laguntzera bildu ziren; horien artean, lo egiteko kanpadendak, bainuak eta dutxak, jan ahal izateko eremuak, eta ilunabarrak doinuz girotzeko agertoki bat.

Aurreikuspenen arabera, 2.000 lagun inguru bilduko dira kanpaldian, eta horietako gehienak gaur iritsiko dira eremura, bihar hasiko baita kontragailurra. Antolatu diren askotariko ekintzetan parte hartzea eta egun horiek bestelako giro batean igarotzea da kanpalekura bilduko direnen asmoa. Jaka horiek eremu berezi bat izango dute; izan ere, igandera bitartean antolatu diren ekintzetan parte hartuko dute. Jada gerturatu dira horietako batzuk.

Antolatzaileen esanetan, kanpalekuan bilduko den gainerako jendearen iritzia interesez entzuteko asmoa duten militanteak bilduko dira; norberaren iritzia definitu eta besteengandik ikasteko prest dagoen jendea. Horregatik, jarrera zapaltzailerik ez dutela onartuko nabarmendu nahi izan dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna