Memoria historikoa

Hirugarrenez egin diote eraso 78ko sanferminak gogoratzeko monumentuari

Uztailean, Gogoan monumentuaren plaka ebatsi zuten. Haren ordez behin-behinean paratutako afixa da orain ebatsi dutena.

'Gogoan' eskulturaren behin behineko plaka ebatsi dute berriz ere. 78KO SANFERMINAK GOGOAN
Iker Tubia.
2019ko abuztuaren 23a
15:40
Entzun

78ko Sanferminak Gogoan plataformak Gogoan monumentuaren kontrako hirugarren erasoa salatu du. Horrekin batera, egileak atzemateko exijitu dute, eta "beharrezko neurriak" har daitezela gisa horretako tokiak zaintzeko. Susmoak ere agertu dituzte: "Monumentua kokaturik dagoen tokiagatik eta erasoak behin eta berriro errepikatu direla ikusirik, geure buruari galdetzen diogu erasoak egin dituztenak ez ote diren nolabaiteko zigorgabetasunez ari". Izan ere, Karlos III.aren etorbidean dago eskultura, Orreaga karrikarekin batzen den tokian. Monumentuan behin-behineko beste plaka bat paratuko dute berehala.

Plataformako kideak gaur ohartu dira erasoaz. 1978ko sanferminetan pairatutako polizia erasoaren biktimen oroipenean jartzen zuen plataformak behin-behinean paratutako kartelean. Gobernuak Nafarroako memoria historikorako leku izendatu zuen monumentua, eta babesturik dago. 78ko Sanferminak Gogoan plataformaren arabera, erasoa ez da ekintza bakan bat izan, "eraso tematia" baizik. Erasotzaileei sanfermin haietan gertatutakoa memoria kolektibotik ezabatu nahi izatea egotzi diete.

Erasoen kronologia

Lehenbiziko erasoa uztailaren 22 eta 25 artean gertatu zen. Orduko hartan, Gogoan monumentuaren plaka ebatsi zuten. Uztailaren 27an elkarretaratze bat izan zen, 78ko Sanferminak Gogoan plataformak deiturik, eta behin-behineko kartel bat paratu zuten, jatorrizkoaren mezu berarekin.

Abuztuaren 13an, behin-behineko afixa hautsi egin zuten, eta txakur gorotz batzuk utzi zituzten haren gainean. Plataformako kideek beste kartel bat paratu zuten orduan, orain desagertu dena.

Nafarroako Gobernuak asteartean jakinarazi zuenez, Bake eta Elkarbizitza departamentuak berriz paratuko du Gogoan eskulturaren plaka.

Gogoan monumentua

Dora Salazarrek egindako eskultura bat da Gogoan. Emakume baten gorputz biluzia ageri du, bururik eta besorik gabekoa. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak bultzatutako egitasmoa izan zen, herritar askok diruz lagundutakoa. Iazko ekainaren 28an inauguratu zuten monumentua, "1978ko sanferminetako polizien erasoen biktima guziak gogoratzeko".

Urte hartako uztailaren 8an, Espainiako Polizia Armatua zezen plazan sartu eta han zirenen kontra oldartu zen. Istiluek kanpoan jarraitu zuten; poliziek suzko armak erabili zituzten, eta tiro haietako batez hil zuten German Rodriguez LKIko militantea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.