G7koen goi bilera MIARRITZEN

Otegi: "G7koen aurkako erantzuna herritarra, koloretsua eta alaia izan da"

EH Bilduko koordinatzailea pozik agertu da G7koen goi bileraren aurrean eginiko kontragailurrarekin.

Arnaldo Otegi, G7koen aurkako kontragailurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 26a
09:20
Entzun

Euskadi Irratian elkarrizketatu dute Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, eta, besteak beste, G7koek Miarritzen eginiko goi bilera eta horren aurkako kontragailurra izan ditu hizpide: "Munduan agintzen duten batzuk elkartu dira Euskal Herrian, sekulako ostentazioarekin. Hemen jendeak ez du eskubiderik kutxazain automatikotik dirua ateratzeko ere, eta horrek erakusten du zenbateraino bizi diren elite batzuk errealitatetik kanpo".

Goi bileraren aurka eginiko protesten inguruan, Otegik nabarmendu du G7aren aurkako plataformak "argi" utzi zuela "molde batean egin nahi zuela protesta, molde hori baketsua zela", eta erantsi du "oso ongi" egin direla "tailerrak, hitzaldiak" eta larunbat goizeko manifestazioa: "Badira sektore batzuk interesatuak beste gauza batzuk gertatzeko. Hor, eztabaida bat irekitzen da zilegitasunaren inguruan; guk diogu baditugula arrazoiak G7arekin haserre egoteko, gertatzen diren gauza txar askoren arduradunak dira, baina argi utzi genuen era baketsuan egin nahi geniola aurre G7ari; horrela izan da, eta oso pozik gaude, erantzun polita izan delako, herritarra, koloretsua, alaia; eta, aldi berean, argi utzi dugu mundu hau beste era batera antola daitekeela".

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politikagintzari begira, Otegik uste du EAJ "eroso" dagoela PSErekiko aliantzarekin: "Ez dauka intentziorik urrats kualitatiborik egiteko termino nazionaletan, eta ez du gurekin akordiorik egin nahi, badakielako gurekin akordioak ez direla PSErekin bezalakoak; badaki fundamentuzko edukiak behar direla".

Esparru horretan, aurrekontuak izango dira urte politikoaren eztabaidagune nagusietako bat. Otegik hitzeman du EH Bilduk "jendean" jarriko duela "lehentasuna": "Pentsiodunetan, alargunetan, gazteetan, emakumeetan, politika industrial alternatibo batean, soldata duinetan eta abarretan". Horrekin, "jarrera guztiarekin" joango da EH Bildu akordio baten bila, eta adierazi du akordioak egitea "ona" dela, ELAri erantzunez: "Sindikatuek negoziazio kolektiboak egiten dituzte, eta ez dute dena lortzen. Aurrekontuak gauza bera dira. Zergatik ezin da hitz egin?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.