G7koen goi bilera Miarritzen

Kontragailurraren alternatiba sorta aurkeztea galarazi die Poliziak ekintzaileei

Zazpi puntuz osaturiko agiria G7koen goi bileraren arduradunei aurkeztea zen asmoa. Frantziako Poliziak, baina, oztopatu egin du ibilbidea. Manifestariek eserialdia egin dute protesta gisa.

Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 26a
07:09
Entzun

Goi agintarien gailurra amaitzear, zazpi puntuz osaturiko alternatiba sorta osatu dute kontragailurrean parte hartu duten ekintzaileek. Asteazkenetik ostiralera bitartean eginiko ekinbideen harira zehaztu dituzte proposamen horiek, eta gaur helarazi dituzte, Frantziako Poliziak manifestariak Miarritzen sartzea galarazi arren. Prentsaurrekoa egin dute lehendabizi, eta amaitzean Miarritzera oinez hurbiltzea zen asmoa, han bilduta dauden agintariei alternatiba sorta luzatzeko.

G7 Ez eta Alternatives G7 plataformen artean idatzitako agiria uztea zen manifestaldiaren xedea, baina, irten eta metro gutxira, Frantziako Poliziaren harresi batekin egin dute topo ekintzaileek. Istiluen aurkako materialak nonahi, dozenaka polizia bildu dira errepidearen erdian, manifestariek ibilbidearekin jarraitzea galarazteko. Harresia ikusirik, Eñaut Aramendi, Itziar Fernandez eta Aurelie Trouve bozeramaileek adierazi dute agiria G7koen goi bileraren arduradunei ematea dela ekinbidearen xedea. Azkenean, polizia operazioaren arduradun batek jaso du idatzia.

Zazpi proposamen horiek irudikatzeko asmoz, zazpi minutuko eserialdia egin dute manifestariek protesta gisa. Hala, kontragailurrean landutako oinarri nagusiak biltzen dituen agiriaren puntuak irakurri dituzte polizien aurrean, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Idatzian salatu dutenez, "ez dira errespetatzen pertsona guztiei dagozkien giza eskubideak", eta horregatik gaitzetsi dute "biztanleriaren gehiengoa txirotzen eta suntsitzen ari den kapitalismo basatia". Halaber, "erroetatik feminista izango den, eta, salgaiak jarri beharrean, bizitza erdigunean jarriko duen" gizarte baten aldeko hautua egin dute, gizakiak "merkantzia gisa" erabil ez daitezen.

Harresiarekin topo eginik ere, aldarriek aurrera jarraitu dute beste behin ere. Neurriak galdegin dituzte antolatzaileek, eta puntuz puntu bereizi dituzte. Lehenak, esaterako, klima larrialdiari egiten dio erreferentzia: "Hondamendi ekologikoari aurre egiteko, premiazkoa da neurri zorrotzak hartzea". Bigarrenean, merkataritza izan dute hizpide , eta "merkataritza askearen kalteei aurre egin behar" zaiela nabarmendu dute. Hirugarren puntuan, "nazioarteko erregulazio demokratikoaren beharren aurrean" egin beharrekoak proposatu dituzte; laugarren puntuan, "dominazio patriarkala"; bosgarrenean, "multinazionalen hegemonia"; seigarrenean, "dumping eta zerga ihesa"; eta, zazpigarrenean, "gerren ugaritzea".

Eserialdi sinbolikoaren ostean, hedabideen aurrean adierazpenak egin dituzte Aramendi, Fernandez eta Trouve bozeramaileek. Ondoren, amaitutzat eman dute ekinaldia, gainerako manifestari guztien oihu eta aldarrien artean: "G7 ez, alternatibak bai".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.