Arrazakeria

Arrazakeriaren aurkako laugarren futbol txapelketa egingo dute Bilbon

Arrazakeriarik gabeko espazioak eta gizarte inklusiboak aldarrikatzeko asmoz antolatu dute beste urte batez jarduna Bilbo Reggae Skins kolektiboak, larunbaterako. Antolatzaileen arabera, aurtengoa inoizko jendetsuena izango da: ehun parte hartzaile baino gehiago espero dituzte.

Futbol txapelketaren hirugarren edizioa, iaz. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK BIZKAIA
2019ko abuztuaren 27a
13:39
Entzun

Hurrengo larunbatean egingo dute laugarren futbol txapelketa. Bilbon izango da, "migratzaile eta errefuxiatuen etorrerariĀ  instituzioek emandako erantzun eskasa" salatu, eta, "arrazakeriarik gabeko espazioak eta gizarte inklusiboak aldarrikatzea" helburu. Alde horretatik, migratzaileek nahiz auzoetan haiei laguntza eskaintzen ari zaizkien norbanakoek eta elkarteek zer zailtasun dituzten argitara atera nahi dute antolatzaileek. Horretarako egingo dute futbol txapelketa; baina, adierazi dutenez, "futbola aitzakia bat besterik ez da, integraziorako bitarteko bat, trataera gizatiar bat merezi duen errealitatea ikusarazteko saiakera", hain zuzen ere.

Txapelketa hori kultura desberdinen arteko elkargune izan dadin nahi dute; izan ere, "giro ona eta dibertitzeko gogoak lehenesten dira balizko edozein mugaren gainetik". Hori dela eta, herritarrei dei egin diete ekinbidean parte hartzera, "migratzaile izan ala ez, kuadrillan etorri ala ez, gaupasa eginda edo denbora askoan entrenatu barik". Bertaratzen den jende kopuruaren arabera antolatuko dira taldeak eta arauak, guztiek "areto futbolaz eta kirolaz goza" dezaten. Bazkaria ere egingo dute, eta, arratsaldean, partida gehiago izango dira. Irabaztea gutxienekoa bada ere, irabazleek Aziz artista senegaldarraren lan bat eskuratuko dute: "Azizek berak sortuko du txapelketak iraun bitartean".

Epaileak Bizkaiko Federazioko emakumeak izango dira, eta aurkezle batek zein reggae doinuek girotuko dute txapelketa. Hurbiltzeko hautua egiten dutenek, jokatzera nahiz eguna pasatzera joanak izan, pintxoak eta edariak izango dituzte aukeran. Bilbo Reggae Skins kolektiboak antolatu du txapelketa, eta, haien arabera, aurtengo txapelketa inoizko jendetsuena izango da, SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zanafrik Elkartea, Mbolo Moye Doole Elkartea eta Mugimendu Panafrikanista elkarteen laguntzari esker. Aurreikuspenen arabera, ehun parte hartzaile baino gehiago izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.