Hondarribiko alardea

Alarde Fundazioaren aldera lerratzea egotzi dio EH Bilduk Hondarribiko alkateari

Udal gobernuak zehaztu du aldaketarena "asmo bat" soilik dela eta, inolako erabakirik hartu aurretik, alde guztiekin hitz egingo dutela datozen egunetan.

Plastiko beltzak iazko alardean. /
Plastiko beltzak iazko alardean. / Javier Etxezarreta/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko abuztuak 27

Hondarribiko egun handirako bi aste baino gutxiago geratzen diren honetan, urak nahasita daude herrian. Jaietako egitaraua aurkezteko egindako agerraldian, eta kazetari baten galderei erantzunez, Txomin Sagarzazu alkateak esan zuen bi alardeek "denboran ez kointziditzeak lagunduko" lukeela; alegia, bi desfileen ordutegia aldatzea dela euren asmoa. Helburu jakin bat luke aldaketak: alarde parekidearen kontrakoek Jaizkibel ez ikustea.

Sagarzazuren esanek kritika ugari izan dituzte, besteak beste, Hondarribiko EH Bilduko kideena. Komunikabideetara bidalitako oharrean alderdiak alkateari leporatu dio gizonezkoen desfilea antolatzen duen elkarte pribatuaren –Alarde Fundazioaren– aldera lerratzea eta, aldi berean, emakumeei ikusgarritasuna kendu nahi izatea. "Alkateak, gauza bat esan, eta kontrakoa egin du; tentsioa apaldu nahi duela esan, eta bazterkeria sustatu du".

Alderdiak gogorarazi du Jaizkibel Konpainiak dagoeneko jasoa duela desfilatzeko baimena, Ertzaintzak emana, eta azken urteetako Udal Gobernuko alkateak ez lukeela "aldebakarreko erabakiz" haren ordutegia eta ibilbidea aldatzeko proposamenik egin behar "ordutegi berean". EH Bilduk komunikatuan salatu duenez, "Hondarribian azken urteetan egon diren alkateen ardurarik ezak berdintasunaren aurkako mapan ezari du herria", eta nabarmendu du haiek urtero bezala egingo diotela harrera Jaizkibel Konpainiari.

BERRIAk Hondarribiko Udalera jo du Sagarzazuren atzoko hitzei buruz galdetzeko, eta handik erantzun diote "Udal gobernu-taldearen asmoa" soilik dela hark aurreratutakoa eta, inolako erabakirik hartu aurretik, "udal alderdietako bozeramaileekin, Alarde Fundazioarekin, Jaizkibel Konpainiarekin eta Hondarribiko Emakumeekin" bilduko direla. Bilera horiek datozen egunetan egingo lituzkete; bien bitartean, alkateak ez du gaiari buruzko adierazpenik egingo.

Iazko alardean gertatutakoak gertatu eta gero, abuztu hasieran argi apur bat egin zen Hondarribiko desfileen inguruko auzian; izan ere, bi aldeak elkarrizketak hasteko prest agertu ziren, Jenny Pearce antropologoaren bitartekaritzari esker. Azkenean, ordea, bertan behera geratu zen bilera, baldintza nahikorik ez zegoela eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna