Migratzaileak

Dozenaka migratzaile hil dira Libiako kostaldean, naufragio baten ondorioz

Alarm Phone erakundeak jakinarazi duenez, bart gauean ehun bat migratzaile zeramatzan ontzi baten abisua jaso zuen, "arrisku larrian" zeudela ohartarazteko. Azken berrien arabera, 40 bat lagun desagertuta daude oraindik, eta litekeena da horietako asko hilik egotea.

Migratzaile ugari ontzi batean, artxiboko irudi batean. FABIAN HEINZ / SEA-EYE H
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 27a
18:05
Entzun

Bart izan da ezbeharra. Alarm Phone erakundeak jakinarazi du naufragioaren berri. Esan duenez, dozenaka pertsona desagertu egin dira, eta litekeena da horietako asko hilik egotea. Libiako kostaldean larrialdi egoera batean zegoen ontzi baten abisua jaso zuen erakundeak, bertan ehun bat migratzaile eta errefuxiatu zeudela eta arriskuan zeudela jakinarazteko. Twitter bidez eman du albistearen berri Alarm Phone erakundeak: "Libiako agintariekin hitz egin dugu eguerdian, eta, esan digutenez, ontziaren arrastoak eta 90 migratzaile antzeman dituzte. Horietako asko ito egin dira, eta oraindik ez dago argi zenbat hil diren eta zenbat irten diren bizirik".

Era berean, adierazpenak egin ditu UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Libian duen ordezkariak. Erakundea ontziaren lehorreratze puntuan dago, itsasoan erreskatatu dituzten 60 errefuxiatuak eta migratzaileak artatzen. "Hilotz ugari errekuperatu dira, eta, kalkuluen arabera, 40 migratzaile inguru desagertuta daude oraindik", adierazi dute kideek. Halaber, gaineratu dute Libiako kostazain eta arrantzale ugari erreskate lanetan laguntzen ari direla goizean goizetik. Lehen datuen arabera, Sudango migratzaileak dira gehienak, baina badira egiptoarrak, marokoarrak eta tunisiarrak ere.

Alarm Phone izan zen abisua jasotzen lehena; 03:30etan jaso zuen naufragioaren jakinarazpena. Hiru ordu lehenago Libiako Al Khoms hiritik abiatu zirela ohartarazi zieten ontziko kideek erakundeari, "arrisku larrian" zeudela esateko. "Horietako batzuk jada hilik zeudela esateko oihu eta negar egiten zuten", adierazi du erakundeak. Hala, GPS kokalekua lortzen ahalegindu ziren, baina ontzian izuak egoera gainditu zuen eta ezin izan zuten kokalekua helarazi. Erakundearen esanetan, Libiako eta Italiako agintariei pasatu zieten abisua, inor haiei laguntzera joango ez zen susmoa izan arren.

Eleonora ontzia

Ez da aste honetan izan den erreskate bakarra. Mission Lifeline gobernuz kanpoko erakundearen Eleonora ontziak 100 migratzaile erreskatatu ditu Libiako kostaldean, eta Claus-Peter Reisch ontziaren kapitainak adierazi duenez, Maltako Gobernuak ukatu egin die ur eta janari hornidura. Twitter bidez egin ditu adierazpenak, eta, salatu duenez, Maltako Gobernuak ez du onartu Eleonora ontzira ura eta janaria eramateko itsasontzi bat bidaltzea. Erakundeko kideen haserrea eragin du erabakiak: "Badirudi gosez eta egarriz hil daitezen nahi dutela". Maltako kostaldetik hamar itsas miliatara dago une honetan Eleonora, eta, Martin Ernst misioburuak adierazi duenez, halako hornikuntzak "prozedura guztiz ohikoak" dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.