Kolonbia

FARCeko gerrillari ohi talde batek borroka etapa berri bat iragarri du

Bideo batean ageri dira hainbat buruzagi ohi, armak eskuan. Horien artean dira Ivan Marquez eta Jesus Santrich buruzagi ohiak. Borrokarako borondatea dagoen artean, irabazteko esperantza egongo da, dio atzean ageri duten leloak.

jarraia170477.jpg
Hodei Iruretagoiena.
2019ko abuztuaren 29a
07:40
Entzun

FARC gerrillako burutzat jotako Ivan Marquez, Jesus Santrich, El Paisa eta beste hainbat gerrillari ohik egin dute iragarpena, ordu erditik gorako bideo batean: "borroka etapa berri bat" hasiko dute. "Munduari iragartzen diogu bigarren Marquetalia hasi dela, munduko herriek zapalkuntzaren kontra altxatzeko duten eskubide unibertsalean oinarrituta", esan dute bideoan. Marquetalia lurraldean sortu ziren FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak, 1964an. 2016an, bake akordioa sinatu zuten Kolonbiako Gobernuarekin, Habanan.

"[Kolonbiako] Estatuak Habanako bake akordioari egindako traizioaren erantzuna da gerrillan borrokan jarraitzea", esan du Marquezek bideoan. Bera izan zen Habanako negoziazio taldeko buruetako bat, eta, iazko apirilean, gerrillari ohientzako Miravalle eremura joan zen. Han ikusi zuten azkenengoz. Santrich, berriz, preso egon da azken hilabeteetan; haren arabera, "azpijoko judizial" baten ondorioz. Maiatzean utzi zuten aske, baina hura berriz atxilo hartzeko agindu zuen uztailean Kolonbiako Auzitegi Gorenak.

Gaurko adierazpenean, ziurtatu dute ELN gerrillarekin aliantzak lortu nahi dituztela.

"Inoiz ez gintuzten ideologikoki garaitu, ez eta porrotera eraman", esan du Marquezek bideoan: "Horregatik, borrokak jarraitzen du. Historiak bere orrialdeetan kontatuko du armak berriz hartzera behartu gintuztela". FARCen irudia eta siglak mantendu dituzte buruzagi ohiek gaurko adierazpenean, eta FARC, Ejército del Pueblo izenarekin sinatu dute zabaldutako agiria. 2016ko azaroan sinatu zuten Habanako bake akordioa, "gerrillaren armagabetze inozo bat, hutsaren truke" egindakoa, Marquezen hitzetan.

"500 lider eta 150 gerrillari ohi hil dituzte"

Gogora ekarri dute, gainera, buruzagi sozialen eta gerrillari ohien aurkako hilketak ez dituztela eten, eta Kolonbiako Gobernuari egotzi diote sinatutako bete ez izana. "Bi urtean, mugimendu sozialetako 500 lider baino gehiago hil dituzte, eta 150 baino gehiago gerrillari ohi hil dira, Estatuaren indiferentziaren eta utzikeriaren erdian". "Tranpa eta traizio horiek guztiek" horrek eraman dituzte erabakia hartzera, gerrillarien hitzetan: "Estatuak konpromisoak ez betetzeak, azpijoko judizialak eta segurtasunik ez juridikoak, mendira itzultzera behartu gaituzte".

Igandean, Ruben Zamora FARC alderdiko hautagaiaren aurkako erasoa egin zuten, esaterako: bizkartzainak atxiki, haren autoari su eman, eta bozekin lotutako eskaerekin mehatxatu zutela salatu zuen.

Haien hitzetan, "modalitate operatibo berri bat" ezagutuko du Kolonbiako Estatuak. "Erasoei erantzungo diegu bakarrik. Ez dugu klase haurrideen artean geure artean elkar hiltzen jarraituko, oligarkia lotsagabe batek gure patua manipulatzen eta bere burua gero eta gehiago aberasten jarrai dezan, pobrezia publikoaren eta gerraren etekinen kontura". Ziurtatu dutenez, ez dituzte helburu izango "herri interesak errespetatzen" dituzten polizia eta soldaduak. Aldiz, azaldu dute "oligarkia baztertzaile eta ustel horren, mafioso eta biolento horren" aurka egingo dutela: "Uste dute herrialde baten etorkizunerako atea itxita eduki dezaketela".

FARC alderdiaren adierazpena, atzo

Atzo bertan, FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdiak adierazpen bat atera zuen, "bakea eraikitzen jarraitzera" dei eginez herritarrei. "Berresten dugu gure xede sozial eta politikoak nahi duela demokrazia zabaldu eta kualifikatzea, Bakea eraikitzeko zutabe gisa. Horrek gizarte osoaren parte hartzea eskatzen du, eta aurrera egitea Justizia Soziala ekarriko duen Bakean, Adiskidetzea eraikitzen, horrela, Bakearen aldeko jendearen desio bateratuari erantzuteko".

[youtube]https://youtu.be/GQNMQxTV46o[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.