MEMORIA

Plaka itzuli diote Gogoan monumentuari

Azken asteetan hiru aldiz egin diote eraso monumentuari.

Ekitaldia egin dute Gogoan monumentuaren aurrean, hari plaka berriro jartzeko. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 29a
19:39
Entzun

Plaka itzuli diote 1978ko sanferminetako gertakariak oroitzen dituen Gogoan monumentuari. Uda honetan hiru aldiz egin diote eraso, eta beste hainbeste alditan jarri diote ebatsitako plaka. Gaur, ekitaldi bat egin dute 19:00etan monumentuan bertan, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak deituta, plaka berria jartzeko. Bertan, mezu bat: 1978ko sanferminetan pairatutako polizia erasoaren biktimen oroipenean.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Maria Solana Geroa Baiko parlamentari eta gobernuko bozeramaile ohia eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramailea.

Lehenbiziko erasoa uztailaren 22 eta 25 artean gertatu zen. Orduko hartan, Gogoan monumentuaren plaka ebatsi zuten. Uztailaren 27an, elkarretaratze bat izan zen, 78ko Sanferminak Gogoan plataformak deiturik, eta behin-behineko kartel bat paratu zuten, jatorrizkoaren mezu berarekin.

Abuztuaren 13an, behin-behineko afixa hautsi zuten, eta txakur gorotz batzuk utzi zituzten haren gainean. Plataformako kideek beste kartel bat paratu zuten orduan, orain desagertu dena.

Dora Salazar artista altsasuarrak egindako eskultura bat da Gogoan. Emakume baten gorputz biluzia ageri du, bururik eta besorik gabekoa. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak bultzatutako egitasmoa izan zen, herritar askok diruz lagundutakoa. Iazko ekainaren 28an inauguratu zuten monumentua, "1978ko sanferminetako polizien erasoen biktima guziak gogoratzeko".

Urte hartako uztailaren 8an, Espainiako Polizia Armatua zezen plazan sartu eta han zirenei oldartu zitzaien. Istiluak kanpora hedatu ziren; poliziek suzko armak erabili zituzten, eta tiro haietako batez hil zuten German Rodriguez LKIko militantea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.