Foruzainek gizon bat salatu dute Carcarren autotik ehizan aritzeagatik

Ehiza eremu batean hiru adingaberekin zihoala harrapatu dute, eta auto barruan bala zorroak aurkitu dituzte.

Atzemandako 22 kalibreo erriflea. /
Atzemandako 22 kalibreo erriflea. / Nafarroako Foruzaingoa

Berria -

2019ko abuztuak 30

Nafarroako foruzainek gizon bat salatu dute Carcarren Nafarroako Ehizaren Legea urratzeagatik. Gaur jakinarazi dutenez, duela gutxi atzeman zuten gizona ehiza barruti batean, eta autotik ehizan aritzea leporatu diote. Atzeman zuten unean, hiru adin txikikorekin zihoan autoan, eta berarekin zeraman aurrealdean 22 kalibreko errifle bat, estalkirik gabe eta kargatuta.

Hainbat herritarren salaketa jaso ondoren joan ziren foruzainak gizon horren bila, eta ehiza barrutiko zaindariaren laguntzarekin harrapatu dute. Ehiza txikiko eremu bat da, untxi, eper eta galeper asko dauden toki bat. Herritarrek salatu zuten autotik aritzen zela ehizan, eta Ingurumena Babesteko Brigadako patruila batek atzeman zuen. Ehiza barrutian autoa ikusi ondoren, geratu eta miatu egin zuten. Errifleaz gain, odol arrastoak, lumak, munizio kaxak eta hogei bala zorro aurkitu zituzten zoruan eta eserlekuetan.

Adingabeak senideen esku utzi zituzten, eta gizonaren kontrako salaketa aurkeztu zuen Foruzaingoak. Hauek dira leporatzen dizkioten lege urraketak: autotik ehizan aritzea, debekatutako arma batekin aritzea (22 kalibrekoa), ehizan aritu ezin den egun batean aritzea, ehiza eremuko txartela ez izatea, ehiza lizentzia iraungita edukitzea, asegururik ez izatea, eta autoaren IATa iraungita edukitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna