Nafarroako foruzainek gizon bat salatu dute Carcarren Nafarroako Ehizaren Legea urratzeagatik. Gaur jakinarazi dutenez, duela gutxi atzeman zuten gizona ehiza barruti batean, eta autotik ehizan aritzea leporatu diote. Atzeman zuten unean, hiru adin txikikorekin zihoan autoan, eta berarekin zeraman aurrealdean 22 kalibreko errifle bat, estalkirik gabe eta kargatuta.
Hainbat herritarren salaketa jaso ondoren joan ziren foruzainak gizon horren bila, eta ehiza barrutiko zaindariaren laguntzarekin harrapatu dute. Ehiza txikiko eremu bat da, untxi, eper eta galeper asko dauden toki bat. Herritarrek salatu zuten autotik aritzen zela ehizan, eta Ingurumena Babesteko Brigadako patruila batek atzeman zuen. Ehiza barrutian autoa ikusi ondoren, geratu eta miatu egin zuten. Errifleaz gain, odol arrastoak, lumak, munizio kaxak eta hogei bala zorro aurkitu zituzten zoruan eta eserlekuetan.
Adingabeak senideen esku utzi zituzten, eta gizonaren kontrako salaketa aurkeztu zuen Foruzaingoak. Hauek dira leporatzen dizkioten lege urraketak: autotik ehizan aritzea, debekatutako arma batekin aritzea (22 kalibrekoa), ehizan aritu ezin den egun batean aritzea, ehiza eremuko txartela ez izatea, ehiza lizentzia iraungita edukitzea, asegururik ez izatea, eta autoaren IATa iraungita edukitzea.