Hilberria

Roger Etxegarai kardinala zendu da

96 urte zituela hil da, Kanbon. Ezpeletakoa zen. Hartu-emanak izan zituen PSErekin eta ezker abertzalearekin, euskal gatazkaren konponbideaz.

Roger Etxegarai kardinala Erroman, Bagdaden Saddam Hussein Irakeko presidentearekin bildu ondoren. GREGORIO BORGIA / AP
jon olano
2019ko irailaren 5a
19:05
Entzun

Roger Etxegarai Ezpeletako (Lapurdi) Eliza katolikoko kardinala Kanbon hil zen atzo, 96 urte zituela, Baionako Gotzaindegiak jakinarazi duenez. Haren aldeko hileta astelehenean egingo dute, 10:30ean, Baionako katedralean. Ezpeletan jaio zen, 1922an, eta Zuzenbide Kanonikoko ikasketak egin zituen. Apurka-apurka, gora egin zuen Eliza Katolikoaren estamentuetan, eta 1979ko ekainean kardinal izendatu zuen Joan Paulo II.a aita santuak. Etxegarai bera aita santu izateko kinieletan egon zen, baina, 80 urteak gaindituak zituela, ez zuen parte hartu Joseph Ratzinger aita santu izendatu zuen konklabean. 2014an, Frantziako Gurutze Handiaren domina eman zioten. Gurutze Handia Ohorezko Legioaren mailarik handienekoa da Frantzian.

Kardinal izendatu eta gero, Vatikanoak batean eta bestean izan zituen arazo diplomatikoetan beti ageri zen Etxegarai. Afrikan, Asian eta Hego Amerikan ibili zen batik bat. 1998ko urtarrilean Joan Paulo II.ak Kubara egindako bidaia historikoaren aurreprestakuntza diplomatikoa Etxegarairen ardura izan zen; 1988an, hamar urte lehenago egindako lehen bidaiarekin hasi baitzen. Joan Paulo II.aren bidaiaren egun haietan, New York Times egunkariak argitaratu zuenez, Vatikano-Washington-Habana triangelu diplomatikoa Etxegaraik osatu zuen, Wojtylaren aurretik, Habanara hainbat bidaia eginez. AEBek Kubari egiten dioten bahimenduaren aurkakoa izaki, Kubako presidente Castrorekin egindako bileretan lortu zuen harreman onaren ondorioz izan zen posible bi buruzagi historikoen topaketa hura.

 

2002an, berriz, Etxegarai bidali zuen Vatikanoak Ekialde Hurbilera. Israelgo presidente Moshe Katsavekin bildu zen egun berean galarazi zion Israelgo armadak Belengo basilikan sartzea. Gau hartan, Jasser Arafat presidente palestinarrarekin egin zuen bilera.

Hur Gorostiaga: "Elkar joka zebiltzanak hitzetara eramatea zuen xede"

Ez zuen itxaropenik Palestinako egoera konpontzeko, hala esan zion Hur Gorostiagari, hark Le Journal du Pays Basque kazetarako egin zion elkarrizketan. "Aski ezkorra zen Israelgo eta Palestinako egoerari buruz. Esaten zuen 'bakea ez da biharko'. Garai hartan jadanik hori esaten zuen, eta 17 urte geroago, egoera ez da hainbeste aldatu".

Ezpeletan egin zion elkarrizketa Gorostiagak, udaro etortzen baitzen bisitan arrebaren etxera. Arrebaren bidez egin zion elkarrizketa, 2002ko abuztuaren bukaeran, eta gogoratzen da, diplomazialariek eta "apaizek" egin ohi duten gisara, hitzak ondo pentsatzen zituela esan aurretik. Gertuko agertu zitzaion, baina hitzek labain egin gabe.

Vatikanoko diplomazia lanak egiten dituela ukatu izan du beti Etxegaraik, Gorostiagaren akorduan. Bere lana, beste modu batean definitzen zuen: "misio humanitarioak" egiten zituela esaten zuen, eta bere lana izan zela "elkar joka ibiltzen diren jendeak hitzetara edo elkarrizketara eramatea". Horretan saiatu izan dela, Chiapasen, Palestinan... "Ezagupenik ez zuten herriekiko sentiberatasuna zuen, eta gatazkak konpontzeko elkarrizketaren bidea defendatzen zuen".

Euskal Herriko gatazkari buruz "oso diskretua" izan da beti Etxegarai, Gorostiagak nabarmendu duenez. Ez zuen gaiari buruz hitz handirik egiten, eta ez zuen parte hartzea inoiz onartu; baina haren izena askotan agertu izan da; "badakigu zubiak eraikitzeko lana erraztu zuela", dio Gorostiagak.

Euskal gatazka

Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea zela, Arnaldo Otegi Batasuneko eledunarekin Txillarre baserrian (Elgoibar, Gipuzkoa) hizketan hasi ondoren jarri zen harremanetan Roger Etxegarai kardinalarekin, Espainiako Gobernuan artean PP zegoela. Erromara joan zen Egiguren. Harengana jotzearen zergatiak azaldu zituen Loiolako hegiak liburuan: "Prozesua, hasieran, PPk gidatzeko pentsatuta zegoenez, Eliza tartean sartu beharra zegoen. Vatikanoa sartzen bazen tartean, pentsatzen genuen, horrek eraginik izango du Rouco Varelarengan, Apezpikuen Konferentzian, Espainiako eskuinean... Etxegarairengana jotzea ez zen izan hemengoa zelako eta hemen zerbait egiteko aukera zeukalako, baizik eta Vatikanoak Espainiako Elizan eta Espainiako eskubian izango zuen eraginagatik. Uste dut Etxegaraik esan zidala Vatikanoak ez duela bataiatzen, konfirmatu egiten duela baizik. Esanez bezala: ‘Ondo irteten bada, bedeinkazioa emango diogu, baina gaizki irteten bada...’”.

2005-2007ko bake prozesua zela eta, esku hartzerik izan zuen Etxegaraik. Francisco Egea PSE-EEko kideak eta Pernando Barrena garai hartako Batasuneko bozeramaileak harekin izandako harremana kontatu zuten BERRIAn iaz, Txillarreko elkarrizketak gogoratuz: Egea, 2004ko pasadizo batez: "Etxegaraik esan zigun Espainiako Elizarekin hitz egiteko, nagusiarekin, [Antonio Maria] Rouco Varelarekin, eta guk ezta pentsatu ere, nola arituko ginen harekin kontu horiez. Beraz, Vatikanora joateko misioa bete genuen, baina otarrean ez genuen ezer zehatzik ekarri. Hala ere, bide horrek irekita segitu zuen gerora". Barrena 2004an bertan Ezpeletan izan zen Etxegarairekin: "Konfirmatzera joan ginen: PSEkoak gurekin hizketan ari zirela, gaiak zein ziren, eta abar. Euzkadi jatetxean bazkaldu genuen Etxegarairekin, eta esan nion ezer berririk bazen informatuko nuela posta elektroniko bidez. Kardinalak erantzun zidan: 'Ez, posta elektroniko bidez ez, antzinako testamentukoa naiz...'". 

2017ko apirilaren 8an, ETAren armagabetze egunean, Matteo Zuppi artzapezpiku katolikoa izan zen behatzaileetako bat Baionan, eta Roger Etxegarai bisitatu zuen egun hartan bertan, Kanbon (Lapurdi). Luhuso liburuan dator pasadizoa: "[Zuppik] Baionako auzapezari aipatu zion Roger Etxegarai kardinala ikusi nahiko lukeela, 'biziki lagun ona' duelako. Abizen bera duela-eta [Jean Rene Etxegarai] alkateari galdetu zion ea tartekoa al duen. Ezetz. Garai batean Vatikanoan egoten zen Roger Etxegarai ezpeletarra (Lapurdi), baina gaur egun erretiratua dago Kanboko Arditeya zahar etxean. 95 urte ditu. Jean Rene Etxegaraik egin zituen Zuppiren bisitarako gestioak. Vincent Bru Kanboko auzapezari aipatu zion. Elkartu ziren bi apaizak. Izango zuten hizpide Baionakoa, hain segur. Roger Etxegarai ere ibilia zen tartean iraganean: Loiolako elkarrizketak hasi baino lehenago Jesus Egiguren PSE-EEko orduko presidenteak bisita egin zion Erromara, prozesua azaltzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.